AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @Vborrokan
2019/07/08 15:41

Duela hilabete abiatu zuten greba mugagabea Amurrioko (Araba) Valvospain enpresako langileek. Gas eta petroleo sektorerako maskorrak egiten dituzte Valvospainen, eta MTS, FLUVAL eta Lazaro Ituarte enpresen bat egitetik sortu zen.

Enpresako zuzendaritzak hartzekodunen lehiaketara aurkeztu zuen lantegia ekainean, eta desagertzerainoko lan erregulazio espedientea ezarri zien langileen erdiari. Enpresak, gainera, bi hilabeteko soldata zor die langile guztiei. Egoera horren aurrean langileek mobilizazioekin jarraitzea erabaki zuten, likidazio mehatxua mahai gainean bazegoen ere.

Mobilizazio horiei esker, enpresa zuzendaritza uztailaren 4ean mahaiaren bueltan eser zedin lortu zuten langileek. Bertan hainbat eskaera egin zizkioten zuzendaritzari; batetik, langileekin zituzten zor ekonomikoak ordaintzea; bigarrenik, oporraldiak izateko eta soldatak jasotzeko bermea; eta, hirugarrenik, lan erregulazio espedienterik ez ezartzea.

Bestalde, enpresa zuzendaritzak ondorengoa jakinarazi zien langileei:

  • Valvospain inbertsioa egiteko prest dagoen banku baten esku utziko duela.
  • Orain arteko akziodunak proiektutik kanpo geratuko direla.
  • Proiektu berria ere zuzendari berak zuzenduko duela.

Egun bat beranduago, uztailak 5, enpresa zuzendaritzak zein inbertsore berriak langileei jakinarazi zieten eskaera guztiak onartuko dituztela. Gaur, hilak 8, beharginek asanblada egin dute proposamena onartzeko eta akordioaren berri emateko.