AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/04/30 01:39

2020ko ekaina eta uztaila artean, UEFAk Eurocopako 16. edizioa ospatuko du. “Espainiako futbol federazioak bere proposamena egin ondoren, Bilboko San Mames zelaian taldeen faseko 3 partidu eta final zortzirenetako partidu bat jokatuko dira” dinamikako kideek argitu dutenez.

Gaurko agerraldian argi adierazi dute ez dutela halako Eurocoparik nahi. Salatu dute Euskal langileriaren proiektu nazionala ukatzeaz gain, ” Euskal Selekzioa ukatua den bitartean Bilbo Espainiako hiri gisa” saldu nahi duela ekitaldi honek. Guzti honek “EAJk ordezkatzen duen burgesia autonomistaren konplizitatea daukala” azpimarratu dute.

“Futbol esparruaz gaindiko” analisi baten beharra aldarrikatu dute dinamikako kideek. Hala nola, azaldu dute burgesiak haren “klase interesen neurrira moldatutako eskaparate hiri” bihurtu nahi duela Bilbo. Izan ere, deitzaileen aburuz ekitaldi honek langile klasearen esplotazioa du oinarrian: “gure bizitzen prekarizazioaren eta espazio publikoaren merkantilizazioaren bidez”.

Horren aurrean, “duintasunez” erantzuteko konpromisoa adierazi dute dinamikako kideek, “kaleak eta bizitzak berreskuratuz”. Era berean, salatu dute jakitun direla ekitaldi honen aurka abiatuko den “edozein mugimendu” erreprimitzeko “tresna guztietaz” baliatuko direla. Horregatik, dei egin diote Euskal Herri Langileari “kapital basatiaren erasoari eta berarekin dakarren nazio zapalkuntzaren sakontzeari” aurre egiteko hurrengo deialdietan

Emakume langileak orain ere kolpatuen

Deitzaileek azpimarra berezia jarri nahi izan dute emakume langileen egoeran; emakume horiek izango baitira “gehien sufrituko dituztenak” dimentsio hauetako ekimen baten ondoriak: “garbitzaileak edo eta ostalariak esaterako”. Makroekitaldi hauek emakume langileek burutzen duten lana “gutxiesteko” mekanismo izateaz haratago “sektore honen prekarizazioa areagotzeko” tresna ere badierela azaldu nahi izan dute: “kirolean eta bereziki futbolean”.

Finean, martxan jarri berri duten dinamika honek ohikoan futbolaren esparruaren baitan egiten diren aldarrikapenetatik haratago joateko borondate politiko nabaria erakutsi du bere lehen adierazpenean.