AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Maiatzaren Lehena Donostian
2019/05/02 16:15

Gipuzkoan, kolektiboa indartuz sozialismoa eraikitzeko aldarrikapena

M1 Langileontzat plataformaren eskutik, Gipuzkoako hainbat herritan apirilaren 25ean eman zioten hasiera Maiatzaren Lehenari begira antolatutako Borroka Asteari; hain zuzen, Andoainen, Tolosan, Bergaran, Hernanin, Hondarribian, Ibarran, Ordizian eta Zaldibian. Hitzaldiak eta hausnarketa saioak izan dituzte azken egunetan, eta besteak beste, krisi kapitalista, langile elkartasuna, pentsioak, genero problematika, nazio auzia eta klase borrokaren historia izan dituzte hizpide. Bestalde, gaur Gipuzkoa mailako mobilizazio bateratua egin dute Donostian, Kolektiboa indartuz, sozialismoa eraiki lemapean. “Klase independentziaren eta langile boterearen eraikuntzaren” aldeko aldarrikapena egin dute Donostiako kaleetan barrena.

Azpeitian ere manifestazioa izan dute arratsaldean; Azpeitiko Gaztetxeak, Krisiaren Seme-Alabek, ELA eta CNT sindikatuek, Ikasle Abertzaleakek, Elkar-ekinek eta 631CPN taldeak egin dute deialdia, Sasi artetik langile borroka loratzen aldarrikapena ikur hartuta. “Antolakuntza esperientziak sakontzeko eta perspektiba politikoak zorrozteko” dei egin dute bertan. Langileen askapena “utopia hutsa” izan ez dadin, “langileriaren batasuna” eraikitzearen beharra nabarmendu dute.

Nafarroan, klase elkartasuna eta antolakuntza jomuga

Nafarroan hainbat mobilizazio izan dira gaurkoan. Iruñean, sindikatuek deitutako manifestazioez gain, Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak (RAL-LAS) eta Hipotekek Kaltetutakoen Nafarroako Plataformak (PAH) elkarrekin antolatutako egitasmoek ehunka lagun bildu dituzte. Errotxapeako Gaztetxean bazkaldu ostean, mobilizazioa egin dute Iruñeko udaletxe aurretik hasita, Klase elkartasuna, desjabetuon indarra lelopean. “Langile batasuna” oinarri, “autodefentsa kolektiboa” ere aldarrikatu dute. Hitzaldiak izan dituzte azken egunetan, eta langile borrokaren esperientzia historikoak zein klase problematika aztertu dituzte.

Nafarroako mendebaldean, aldiz, Maiatzak 1: Hamaika zapalkuntza, borroka bakarra dinamika sortu dute Maiatzaren Lehenaren harira. Martxoan abiatu zuten hitzaldi zikloa, eta Allon, Oteizan, Vianan eta Garesen prestatu zituzten saioak; besteak beste, klase kontzientzia, Euskal Herriko emakume langileen esperientziak eta martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia lantzeko. Gaur arratsaldean manifestazio bateratua egin dute Lizarran; bertan, “langileriaren autoantolakuntzaren beharra” eta “elkartasuna antolatzeko eta indarrak batzeko aldarrikapena” jarri dituzte erdigunean.

Bizkaian, kapitalaren aurka langile antolakuntza helduleku

Bizkaiari dagokionez, M1Egin plataformak aurten ere egin du deialdia Bilbon. Apirilaren 29an klase autodefentsa tresnen inguruan aritu ziren DSBE bulegoa, Bilboko Okupazio Bulegoa, Harrera Herria, Berri Otxoak eta Mozal Legearen aurkako plataforma. Gaurkoan, klase borrokaren forma berriei buruzko saioaren ostean, mobilizazioa egin dute Bilbon, Kapitalaren kontra langileon antolakuntza lemapean. Bertan, besteak beste, G7aren, turistifikazioaren eta langileen esplotazioaren aurkako oihuak zabaldu dituzte. Hala, Cafe Iruñako beharginen lan-baldintzak salatu dituzte, Langileen Autodefentsa Sarearen izenean. “Desjabetuon indarra antolatzeko” dei ere egin dute.

Hego Uriben, aldiz, Jose Miguel Beñaran Ordeñana izeneko gune sozialistaren aurkezpena egin dute Arrigorriagan, Kirolak eraikinean. Bazkaria ere egin dute bertan, M1 Langileontzat aldarripean.

Araban, auzolana eta langile klaseari buruzko hausnarketa kolektiboa

Araban Gasteizko Errekaleor auzoan jarri dute gaurko hitzordua. “Eguneroko borrokan inflexio puntu bat ezartzea” ipar, “lanerako, oroimenerako eta hausnarketarako” baliatu dute eguna. Goiz osoko auzolana egin dute Errekaleorren, eta bazkaldu ondoren, egun langile klaseak hartzen duen formaren inguruko hitzaldia izan dute.

Baionan, gazte blokea gedar, petardo eta margoketa artean

Baionan (Lapurdi) mobilizazio bateratua egin dute LAB eta CNT sindikatuek, eta bat egin dute gazte mugimenduko zenbait kidek. Gazte blokea osatu dute 100 gazte inguruk, Baionako espetxetik abiatuta, eta oihu, petardo eta margoketa artean parte hartu dute manifestazioan.

EZ DAGO IRUZKINIK