Eunate ikastetxeko zuzendaritzak uko egin dio ikasleek aurkezturiko idatzia jasotzeari

Iruñerriko Autodefentsa Sareak berriki jakitera eman duenez, gaur, Txantreako Eunate ikastetxean elkartu dira Iruñerriko hainbat ikastetxetako ikasleak. Amaieran, idatzi berri bat aurkeztu diote zuzendaritzari. Azken horrek, baina, ezezkoa eman dio adierazpena jasotzeari; horrez gain, ikasleek salatu dute Polizia ikastetxera bidali duela gaur zuzendaritzak.
Argazki Nagusia
2019ko otsailaren 28a

Txantreako Eunate Ikastetxean aurtengo ikasturtean 13 kamera jartzeko erabakiaren aurka abiatutako borrokaren baitan, Zuzendaritzaren ezezko berri bat jaso dute ikasleek. Ikasleak asanbladan batu dira, ezezkoaren aurrean zer egin erabakitzeko, eta borrokak aurrera egingo duela jakinarazi du Iruñerriko Autodefentsa Sareak.

Gatazkaren jatorria: ikastetxean kamarak jartzeko harturiko aldebakarreko erabakia

Aurtengo ikasturte hasieran, Txantreako Eunate ikastetxean, Hezkuntza Sailaren erabakiz eta ikastetxeko Zuzendaritzaren onespenez, 13 kamera jarri zituzten, “bandalismo ekintzak” ekiditeko helburuz. Erabaki honen edukia, forma eta ondorioak borrokatzeko, sortu berri den Iruñerriko Autodefentsa Sarearen baitan antolatu da Eunateko ikasleria, klase elkartasuna ardatz, “gatazka kolektiboki irabazteko” indarrak batu asmoz.

Erabakiaren edukiaren inguruan, azpimarragarria suertatzen da ikasleen ikuspuntua Hezkuntza Sailak eta ikastetxeko Zuzendaritzak defendatzen dutenarekiko guztiz aurkakoa dela. Euren hitzetan, “segurtasuna bermatzeko neurri gisa saltzen digute, baina guk argi daukagu kontrol sozialerako mekanismoak baino ez direla”. Ikuspuntu hori defendatzeko, sakoneko argudioak eskaini dituzte: ikastea eta sortzea “eraldaketarako tresnak” direnez, “sistemaren gaineko kontrola duten guzti horientzat arriskua” suposatzen dute. Finean, kamerak, “ikasleria kikildu eta sistemaren mesedeetara, sumiso eta obediente jarduteko” eta “kontrolpean edukitzeko” jarri dituztela salatu dute.

Erabakiaren formari dagokionean, honen aldebakartasuna izan da ikasleek behin eta berriro azpimarratu dutena. “Ikastetxean egunerokotasunean jarduten dugunok, ez dugu honen inguruan erabakitzeko aukerarik izan”, arbuiatu dute.

Ikasleen borroka: helburuak lortzeko elkartasuna antolatzen

Modu horretara, ikasturte berriaren hasieran kokatzen da gatazkaren hastapena, baita honi konponbidea emateko martxan jarritako dinamikarena. Zehazki, Eunateko ikasleak, Hezkuntza Sailak eta Zuzendaritzak “hartutako neurri horren inguruko informazioa eskuratzeko”, antolatzen hasi ziren. Baina helburu behinena, Zuzendaritzak “kameren aurrean jarrera aktibo” bat hartzea da, “hezkuntza departamentuaren aurrean kamerekiko desadostasuna” adieraztea alegia.

Prozesu honen hastapenetan, “egoerari aurre egin ahal izateko auzo mailan” prentsaurrekoak, ikasle asanbladak, auzo batzarrak, sinadura bilketak, manifestazioak eta beste hainbat ekimen deitzen hasi ziren ikasleak. Hala ere, egindako saiakera guztietan, informazioa eskuratzeko “oztopoak” baino ez zituzten jaso. Are gehiago; berriki aditzera eman dutenez, “oraindik ere, ez ikasleok, ez gurasoek, ez irakaslegoak ez dugu inongo informaziorik eskuratu”.

Auzo mailan soilik antolatuta ikasleek jarririko helburuak lortzeko zituzten zailtasunak ikusita, eta Iruñerrian antzeko egoeran dauden beste ikastetxe batzuetako (Zehazki San Fermin ikastola eta Mendillorri zein Alaitzeko institutuak ) ikasleen egoeraren jakitun, elkartasuna dimentsio handiagoan antolatzeko hautua egin zuten ikasleek.

Testuinguru honetan sortu zuten Iruñerriako Autodefentsa Sarea, “klase elkartasuna aldarri hutsa izatetik haratago, jardun kolektiboa burutuko duen sarea, zapalduon autodefentsa antolatzeari ekingo dion sarea”. Modu honetan, borroka gaitasunak biderkatzeko bitarteko hau izan da, azken aldian, ikasleen interesen aldeko dinamika bideratu duena, eta baita gaurko gertakarien berri eman duena ere.

Zuzendaritzaren jarrera: autoritarismoa eta jazarpena

Prozesu honetan zehar, haseratik eta gaurdaino, Zuzendaritzaren jarrera ez da aldatu. Izan ere, ikasleen hitzetan, ekinbide bera errepikatu da hasieratik: “ikasle mugimenduaren gaineko jazarpena areagotu eta buruturiko ekintza desberdinak jazarriz, zigor, mehatxu, zein bestelako neurriekin”. Era berean, “asanbladak egitea” ere eragotzi diete ikasleei, eta beste hainbat neurri errepresibo ere hartzera iritsi dira: gurasoei gutunak, ikasle kaleratzeak…

Testuinguru honetan kokatu behar ditugu beraz gaurko gertakariak. Ikasleriaren eskakizunen aurrean, ez Eunateko Zuzendaritza taldeak, ez hezkuntza departamentuak, ez dute arazoari irtenbidea ateratzeko ahaleginik egin orain arte. Gaurkoan, ikasleriak Zuzendaritzari kamarak hezigunetik kentzeko proposamen idatzia luzatu dio, eta honek ez du onartu. Are gehiago, polizia bidali du hezigunera. Honen aurrean, Iruñerriko Autodefentsa Sareak “oztopo guztien gainetik ikasle borroka aurrera” joango dela ziurtatu du.