AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Bidasoako Hitza
2021/05/31 13:37

Irungo Harrera Sarea, Etorkinekin, La Climade eta Diakité elkarteek deituta, larunbatean Irun eta Hendaia arteko kontrol arrazistak salatu zituen jende andanak. Manifestazioa bi zutabetan banatu zen, eta Irungoak eta Hendaiakoak bat egin zuten gero Santiagoko zubiko mugan.

Kontrol arrazistez gain, Frantziako Estatutik poliziak gauzatzen dituen berehalako kanporatze sistematikoak jarri zituzten jo-puntuan manifestariek, eta pertsona migratuei plan integral baten bidezko harrera duina egitea galdegin zieten erakunde publikoei. Izan ere, pertsona migratuen kasuan eguneroko ogia da kale gorrian geratzea. Horrek, gerora, etsipen ikaragarria sortzen duela azpimarratu zuten mobilizazioaren antolatzaileek, heriotzara bideratutako erabakiak hartzeraino.

Manifestazioaren bukaeran, "bizi hobe baten bila" ari diren pertsonen zaurgarritasuna areagotzen duten politikak etetea eskatu zuten antolatzaileek, Irungo eta Hendaiako udalak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta Harrerako Mahai Interinstituzionala seinalatuta, besteak beste.

Duela astebete, Bidasoa ibaian ito zen pertsona migratuaren heriotza ere ekarri zuten gogora larunbatean, eta halako gertaeren normalizazioa ekidin beharrekoa dela gogorarazi zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK