AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Herri Unibertsitateko saio bat, pasa den otsailean.
2020/09/30 11:23

Leioako campusean (Bizkaia) egun jakin batzuetarako bilgune gisa sortu zenetik, zazpi urteko bidea egin du dagoeneko Herri Unibertsitateak. Urtez urteko garapenarekin batera, "ekarpen politiko sakonago bat" egiteko beharra barneratu ondoren, "egun jakin batzuetan eduki politikoa aurkezteko espazio izatetik, testuinguru politikoari ekarpena egingo dion instituzio bilakatzeko aurrerapausoak ematen ari da", gaur ohar batean jakinarazi dutenez. Beste urrats bat egingo dute aurten, Eskola Kolektiboak martxan jarrita.


"Langile zientziaren zabalpena eta gaitasun zehatzen ekoizpena izango dira Herri Unibertsitateak izango dituen egiteko nagusiak ziklo honetan", azaldu dute Herri Unibertsitateko kideek. Eskola Kolektiboetan ari dira lantzen gaitasun zehatz horiek, "unibertsitatean kapitalaren mesedetan irakasten diguten jakintza langile mugimenduaren mesedetan jartzeko" helburuarekin.


Hainbat mintegi antolatu dituzte horretarako, arloz arlo: artearen eta kulturgintzaren, gizarte zientzien, kazetaritzaren eta zuzenbidearen inguruan. Hala, ekarpena egin nahi duen orok izango du talde horietan antolatzeko parada. Otsailean, ehunka lagun elkartu ziren Leioako campusean, Herri Unibertsitate nazionalean.


Baldintza aproposenak dituzten graduetan, Eskola Kolektiboko taldeek izan beharreko funtzioen eta arduraren bueltan arituko dira; zuzenbidean, esaterako. "Graduan kapitalarentzat lan-indarra izateko jasotako formakuntza tresna iraultzaile bilkatu nahi dugu gure jakintzen erabilera antolatuz", adierazi dute; "botere burgesa elikatu ordez, langile klasearen interesak defendatu ditzan".


AURKEZPENAK. EGITARAUA:


Artea eta kulturgintza proletarioa gaur egun

  • Urriaren 6an, 16:00etan, Gasteizko Letren fakultateko sarreran.
  • Urriaren 7an, 11:30ean, Leioako Arte Ederren fakultateko sarreran.

Militantzia komunista eta zientzia sozialak

  • Urriaren 8an, 14:00etan, Leioako Giza Komunikazio Zientzien fakultateko sarreran.

Kazetaritza eta komunikazioaren papera politika sozialistan

  • Urriaren 6an, 17:30ean, Gasteizko Halabedin.
  • Urriaren 14an, 10:00etan, Leioako Giza Komunikazio eta Zientzien fakultateko sarreran.

Zuzenbide burgesa eta militantzia politikoa

  • Urriaren 15ean, Sarrikoko (Bilbo) gradu aretoan.
EZ DAGO IRUZKINIK