AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: El Correo
2020/03/25 15:27

Argia-k jakinarazi duenez, Bilboko (Bizkaia) kaleetan saltzaile modura jarduten duten migratzaile senegaldarrek erresistentzia kutxa jarri dute martxan, alokairuak, hornidura eta mantenua ordaindu ahal izateko, nahiz haien senideei laguntzeko. Izan ere, Covid-19 birusaren hedapenak sortutako krisiak modu bortitzean eragin die kale-saltzaileei ere, ezin baitute kalean inolako salmentarik egin.

Lanean segitu ahal izateko eta bizileku-baimena lortzeko edo mantentzeko baldintzak gogorrak direla salatu izan dute, tartean, haientzat "ezinezkoak" diren diru kopuruak kotizatzea. Orain alarma egoera indarrean dela eta kalean saltzaile aritu ezin dutela, are handiagoa da ziurgabetasuna.

Gipuzkoan bizi diren migratzaile gazteek ere hilabete honetan salatu dute ezinezkoak direla egoitza-baimena eskuratzeko exijitzen dizkieten baldintzak, prentsaurreko bidez.

Kutxa abian

Erresistentzia kaxan bildutako diru guztia Bizkaian lan egiten duten kale-saltzaileen artean banatuko dute, beraz, larrialdiei aurre egin ahal izateko. Bizkaiko SOS Arrazakeriaren izenean dagoen kontu korrontean jasoko dituzte ekarpenak: ES67 2095 0005 1838 3074 5829.

Hamar urte borrokan

Argia-k argitaratu duenez, migratzaile senegaldarrek hamar urte daramatzate antolatuta, eta oraingoan ere bide horri heldu diotela diote: "Jende langile eta borrokalaria gara eta gure eskubideak defendatzeko antolatu gara". Salbuespen egoerak eta ezarritako neurriek "gogor eragin" dietela diote, "beste kolektibo prekarizatu eta baztertu askori gertatzen ari zaien gisan".