Ekainean bederatzi egunez egingo dute greba Petronorreko langileek, lan-erregulazioko espedientearen aurka

Maiatz hasieran sartu zen indarrean aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea, baina abuztura arte atzeratu dute bi unitatetan. Muskizko findegiko langileen herenari eragingo die neurriak, eta salatu dutenez, beste langile batzuei esleitu dizkiete enplegu-erregulazioan sartu dituzten beharginen lanak.
Argazki Nagusia
2021eko maiatzaren 24a

Ekaineko lehen hamabostaldian joko dute grebara Petronorreko beharginek, bederatzi egunez jarraian. Enpresako zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri du Muskizko (Bizkaia) findegian, eta langileen herenari eragingo die gutxi gorabehera; alegia, 354ri.

Espedientea maiatzaren 3an sartu zen indarrean, eta zuzendaritzak apirilean jakinarazi zuenez, gutxienez urte amaierara arte iraungo du. Dena den, bi unitatetan abuztuaren 18ra arte atzeratu dute neurriaren ezarpena, merkatuan "susperraldi zantzuak" egon daitezkeela argudiatuta. Zuzendaritzak dio "aldakorra" izan daitekela espedientearen eragina, merkatuaren egoeraren arabera. Lau unitate eten zituzten maiatz hasieran.

Langile batzordeak hilabete honetan salatu duenez, ordea, beste langile batzuei eman dizkiete aldi baterako lan-erregulazioko espedientearen eraginpean dauden beharginen lanak. Horrek, langileen ustez, "neurriaren zentzugabekeria" erakusten du.

Protestak

Langileek hainbat orduko lanuzteak egin dituzte hilabete honetan, baita mobilizazioak ere. Maiatzaren 7an, esaterako, Bilbon (Bizkaia) atera ziren kalera, ITP Aeroko eta Tubacexeko beharginen babesarekin. Dena den, espedientea indarrean sartu aurretik ekin zieten protestei langileek, zuzendaritzak neurriaren berri eman bezain pronto.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik