AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019ko EHZ jaialdiaren aurkezpena. Argazkia EHZ
2019/05/30 15:49

Badator EHZ jaialdiaren 23. edizioa. Duela bi urte, eguraldi txarra zela eta, bertan behera utzi behar izan zuten Lekornen (Lapurdi) egin ohi zuten jaialdia. Diru galerei aurre egiteko, hainbat elkartasun kontzertu izan ziren Euskal Herriko hamaika txokotan, Elkartasun erauntsia lemapean. Iaz, EHZ nomada izenpean, jarraipena eman zioten ekimenari, eta kontzertuak antolatu zituzen Baionan, Itsasun eta Baigorrin. Zorrak eta zori txarrak zaildutako denboraldiaren ondoren, bueltan da Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Irisarrin (Nafarroa Beherea) izango da aurten, ekainaren 28tik 30era.

Antolatzaileen arabera, aurtengoan "arreta berezia" eman nahi izan diote hausnarketari eta eztabaidari. Problematika sozial desberdinen eta "gaur egungo erronken" inguruan hausnartu asmoz, bost ildotan egituratu dituzte edukiak:  "feminismoa, festa eredua, burujabetza eta autogestioa, G7-a eta migrazioa". "Ildo bakoitza hainbat hitzaldi, eztabaida eta mahai inguruz osatua da, eta jarraipen logiko bat ukanen dute. Tailer horietan parte hartu nahiko duten festibalariek ildoren batean izen-eman beharko dute aitzinetik", azaldu dute antolatzaileek.

Irisarriko plazaren bueltan prestatu dituzte jaialdiko ekimen guztiak. egitarau zabala izango da, "familia eta bisitari guzien gozamenerako", diote. Aipatu tailer eta hitzaldiez gain, "Haurren Xokoa" ere antolatu dute. Azkenik, kontzertu andana izango da aurtengo EHZn ere, egitarauaren kartelean ikus daitekeen bezala. Antolatzaileen esanetan, "Rap, Rock, Pop, Reggae, Cumbia doinuek hiru egun horietako soinu banda osatuko dute, festibalarien jakinmina piztuz".

Sarrerei dagokienean, 45 euroan daude salgai, ekainaren 3ra arte. Web orri ofizialean eskuratu ahalko dira; behin hortik aurrera, 55 eurora igoko dute prezioa.

EHZ auzolanean

EHZ auzolanean eta boluntarioen lanari esker gauzatzen den ekimena izaki, laguntzaile izan nahi duen orori deialdia luzatu diete antolatzaileek., baita kopuru zehatzak eskatu ere: “Aurtengo edizioa posible izateko, 500 galtzagorriren laguntza baitezpadako izanen da”. Laguntzaile modura izen-emateko, ehz.eus ataria dago erabilgarri.