AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaurko irudi bat. Argazkia: GUET
2020/11/19 11:50

Gaur, azaroak 19, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) garbitzaileek elkarretaratzeak egin dituzte campusetan. Aurrekoetan bezala, garbiketan jasaten dituzten lan baldintza gogorrak salatu dituzte, eta "errespetua" nahiz "sektorearen duintzea" aldarrikatu. Oraingoan ere ondoan izan dituzte ikasle mugimenduko hainbat kide, Unibertsitateko Indar Batasunako (UIB) militanteak eta unibertsitateko emakume talde desberdinetako kideak, besteak beste.

Azken urteotan egindako eskaerei eta mobilizazioei instituzio publikoek entzungor egin dietela salatu dute beharginek, "existituko ez bagina bezala". "Arduragabekeria leporatuta hain kriminalizatuak izaten ari diren ikasleekin egiten dugu lan guk, baina baieztatu dezakegu, arduragabekeria, Norbere Babeserako Ekipoak bazter uzten dituztenena dela, eta beren instalazioetan zer segurtasun neurrirekin lan egiten den interesatzen ez zaienena. Propaganda gutxiago eta neurri gehiago", eskatu dute langileek.

Sektorean pairatzen dituzten lan baldintza latzei dagokienez, ondoko galdera luzatu dute: "Posible da lau orduz jarduten duen pertsona batek hiru aldiz garbitzea eta desinfektatzea fakultate bateko komunak, bi aldiz ikasgelak, zakarrontziak hustea eta garbitzea, eskutokiak desinfektatzea, ateak, eskudelak, lurrak, telefonoak...?". Gaur lanuzteei lotuta %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkietela azaldu dute eta, hala ere, derrigorrezkotzat jo diren gutxieneko lanen tamaina ikusita, azpimarratu dute nabarmena dela sektorean bizi duten lan karga handia.

IKASLEEN ELKARTASUNA

Gaur egin modura, aurretik ere garbitzaileei eta haien borrokari elkartasuna adierazi izan diete unibertsitateko ikasle langileek, mobilizazioekin bat eginez, besteak beste. Ikasturte hasieratik UIBk egindako eskakizun zehatzen artean, garbitzaileen baldintzei lotutako auzia aldarrikatu da. "EHUko garbitzaileek haien greba debekatu baino lehen zituzten eskaera guztiak berehala onartzea eta behingoz aplikatzea eskatzen dugu", adierazi izan dute ikasleek.

EZ DAGO IRUZKINIK