COVID-19aren aitzakiapean, Patxi Ruizen eskubideak "are gehiago urratzen" ari direla salatu dute

Ospitaletik bueltan berrogeialdia ezarri zioten preso politikoari, eta horren aitzakiapean, momentuz ezingo du abokatuen bisitarik edo bideo-deirik izan. AAEAMek Mobilizazio Eguna deitu du datorren larunbaterako, Ruizen "egoera salatzeko eta amnistia osoa aldarrikatzeko". Gaur ere mobilizazio ugari izango dira kaleetan, eta baraualdiak aurrera doaz hainbat txokotan. Ruizekin elkartasunez, borrokan jarraitzen dute beste hainbat preso politikok, gose greben, "txapeoen" edota janariari uko egitearen bidez.
Argazki Nagusia
2020ko maiatzaren 27a

Patxi Ruiz preso politikoa aurrera doa gose grebarekin, eta gaur, maiatzak 27, hamazazpigarren eguna beteko du. Aurretik, gainera, egarri greban ere egon da hamabi egunez. AAEAMek jakinarazi duenez, COVID-19aren aurkako berrogeialdia ezarri zioten ospitaletik bueltatzean, eta ekainaren 9ra arte egon beharko du egoera horretan, Murtzia II-ko erizaindegiko moduluan. Hala, ezingo du abokatuen bisitarik izan, eta ez diote utziko bideo-deirik egiten, erizaindegian estaldurarik ez dagoela argudiatuta.

AAEAMek salatu du COVID-19aren aitzakiapean Ruizen eskubideak "are gehiago urratzen" ari direla. "Patxik babes juridiko eta medikorik handienak behar dituen unean, kartzelak oraindik isolatuago uzten du", gaitzetsi du: "Horixe da kartzelaren logika: opakotasuna eta presoak eskubiderik gabeko zenbakiak baino ez izatea".

Maiatzaren hasieran protestak hasi zituzten Murtzia II espetxeko hainbat presok, COVID-19ak sortutako agertoki berrian, presoen eskubideak aldarrikatzeko. Senideren bat hilez gero beilatokira edo hilerrira joan ahal izatea, preso gaixoen askatasuna edota segurtasun materiala exijitu zituzten. Protesta horien harira hasi ziren Ruizen aurkako eraso eta mehatxu larriak.

MOBILIZAZIO EGUNA LARUNBATEAN

AAEAMek Mobilizazio Eguna deitu du datorren larunbaterako, hilak 30, Ruizen "egoera salatzeko eta amnistia osoa aldarrikatzeko". Euskal Herri osoan egin du deialdia, eta aurki informazio gehiago argitaratuko duela iragarri du. Aurreratu duenez, goizean herri eta eskualdeetan egingo dituzte mobilizazioak, eta hiriburuetan arratsaldean.

Gaur ere izango dira mobilizazioak karriketan:

  • Algortan (Bizkaia), 20:00etan Txiki eta Otaegi plazan.
  • Altsasun (Nafarroa), 20:00etan plazan.
  • Baionan (Lapurdi), 17:30ean.
  • Berangon (Bizkaia), 20:00etan frontoiaren aurrean.
  • Bilbon (Bizkaia), 20:00etan Santiago plazatik. Manifestazioa izango da.
  • Donostian (Gipuzkoa), 20:15ean Bulebarrean.
  • Durangon (Bizkaia), 20:00etan Santanan.
  • Erromon (Bizkaia), 21:30ean Xake enparantzan.
  • Etxarrin (Nafarroa), 20:00etan plazan.
  • Hernanin (Gipuzkoa), 20:30ean Gudarien plazan.
  • Hondarribian (Gipuzkoa), 19:00etan San Pedro kalean.
  • Mutrikun (Gipuzkoa), 20:00etan errotondan.
  • Ondarroan (Bizkaia), 20:00etan Alamedan.
  • Portugaleten (Bizkaia), 20:00etan Triangeluan.
  • Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa), 20:00etan Potrosen.
  • Urruñan (Lapurdi), 19:30ean biribilgunean.
  • Usansoloko Ospitalean (Bizkaia), 11:30ean kanpo kontsultetan.
  • Zornotzan (Bizkaia), 20:00etan Patatan.

PRESOAK BORROKAN

Hilaren 12tik, hainbat preso politiko batu dira Ruizek hasitako borrokaldira:

  • Hilak 23an bost eguneko gose grebari ekin zion Mikel San Sebastianek (Murtzia II). Bosgarren eguna da gaur.
  • Hilaren 22an "txapeoa" hasi zuen Lola Lopezek (Brieva).
  • Hilaren 19tik, janariaren bandejari uko egin diote Alberto Viedmak eta Iñaki Krutxagak (Almeria). Saioa Sanchezek eta Itziar Morenok (Rennes) barau-egunei ekin zieten, txandaka. Gaur, Morenoren txanda da. Bestalde, egun berean, aldizkako baraualdiei heldu zien Orkatz Gallastegik (Castelló I) ere.
  • Hilaren 18tik janariaren erretiluari uko egiten ari dira Irantzu Gallastegi (Huelva) eta Iñaki Etxeberria (Topas, Salamanka).
  • Hilaren 14tik, ziegatik irteteari uko egin dio Jon Kepa Preciadok (Kordoba).
  • Hilaren 12tik, "txapeoan" dago Ibai Aginaga (Sevilla II) eta janariaren erretiluari ezezkoa ematen ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano (Puerto III).

GOSE GREBAK KALEAN

Ruizekin eta hark hasitako borrokaldiarekin elkartasunez, gainera, jende ugarik ekin die baraualdiei Euskal Herriko kaleetan. Gaur egun, ondorengo dinamikak daude martxan:

  • Igandean, hilak 24, 24 orduko barau eta itxialdi dinamika abiatu zuten Txantrean (Iruñea, Nafarroa). Bestalde, bost gaztek txandakako barau-egunak hasi zituzten Urruñan, eta bost egunez luzatuko dute ekimena.
  • Hilaren 20an, Etxarriko Gazte Asanbladako kideek txandakako 48 orduko barauei ekin zieten, binaka.
  • Hilaren 19an, txandakako 48 orduko barauak hasi zituzten Altsasun (Nafarroa). Txanda aldaketa egin zuten atzo. Egun berean bi pertsonak gose greba abiatu zuten Etxarrin (Nafarroa), eta gaur bederatzigarren eguna izango dute. Hilaren 21ean, Etxarriko hirugarren pertsona bat batu zen Mexikon.