AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: LAB
2020/02/12 11:55

Kaleratze mehatxuen aurkako borrokan jarraitzen Celsa Atlanctic enpresaren Gasteizko (Araba) eta Urbinako (Araba) lantokietan. Joan den ostegunean hasi zituzten lanuzteak, eta gutxienez ostiralera arte luzatuko dituzte, hiru txandetan: 09:00etatik 10:00etara goizekoan; 18:30etik 19:30era arratsaldekoan; eta 05:00etatik 06:00etara gauekoan. Izan ere, enpresak hamaika langile kaleratzeko eta beste hamaika lekualdatzeko asmoa agertu zuen abenduan, eta hasiera batean zenbait neurri adosteko prest agertu arren, "negoziazioa amaitutzat" jo du.

Gaixotasunagatik kaleratzeko mehatxuak

Abendua hasieran, gaixo zegoen langile bat ere kaleratu zuen enpresak; Lan Estatutuaren 52. artikulua eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2012. urteko lan erreforma oinarri hartuta jarritako aurrekaria baliatu zuten horretarako. Haren arabera, lanera ez joatea arrazoi nahikoa da langileak kaleratzeko, arrazoitutako bajak baldin badira ere; tartean, eritasunengatikoak. Hori mehatxu gisa erabiltzen ari da enpresa, eta beharginek ohartarazi dute gaixo egoteagatik beste hiru langile daudela kaleratze arriskuan.

Gatazka luzea

Laminaciones Arregui zen Arabako bi lantegien jabea, baina 2008. urtean hartu zuen bertako agintaritza Celsak. 117 langile ari dira Arabako lantokietan. 2012. urtean, erregulazio txosten bat (Enplegu-Erregulazio Espedientea) aurkeztu zuen zuzendaritzak, baina borroka gogor baten ondoren, bertan behera geratu zen hura. Orain, langile batzordeak ohartarazi du "itxiera programatu baten aurrean" egon daitezkeela.

Gainera, langile batzordearen arabera, enpresak ez du erregulazio txostenik aurkeztu beharko oraingoan, printzipioz "langileen %10 baino gutxiago bidaliko dutelako kalera". Banan-banan kanporatuko dituzte, modu indibidualean. Enpresaren jarreraren erakusgarri, bi langileren egoeraren berri eman dute: "Bi langileren borondatezko lekualdatzea ukatu egin da, ulertezinak diren arrazoiengatik".