AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: AAM
2019/08/25 17:26

Atzo, abuztuak 24, 'Borroka egitea zilegi da. Amnistia osoa' aldarriak hartu zituen Bilbo Zaharreko (Bizkaia) kaleak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta, manifestazioa egin dute aurten ere, "sistema genozida honen aurka gehien eman dutenen amnistiaren alde, Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialagatik gehien eman zutenen alde".

Aurtengo mobilizazioan nabarmendu dute "amnistiaren aldarrikapena badela ere borrokaren zilegitasunaren aldeko arrazoibidea, gure borreroen aurka matxinatzeko deia". "Gure mugimenduarentzat, errepresaliatu politikoen existentziaren aldarrikapenaren bitartez gatazkaren izaera politikoa defendatzea izan da lehentasuna lehenengo egunetik, eta orain borrokaren zilegitasunaren defentsa batu nahi izan diogu amnistiaren aldarrikapenari. Borroka eskubidea eta betebeharra da biziraun nahi duen herri ororentzat, borroka eskubidea eta betebeharra da morrontzan bizitzea onartzen ez duen langile klasearentzat", adierazi zuten atzo.

Hala, gogorarazi zuten "aurreko zikloaren ondorioz oraindik hamarkadetako kartzela zigorrak egiteke dituzten presoak daudela", eta "gaurko eta etorkizuneko borroken ondorioz preso berriak sortuko direla" ere azaldu zuten: "Amnistiak, beraz, ezinbesteko aldarrikapena izaten jarraituko du datozen hamarkadetan".

Biarritzeko gailurra gogoan

Biarritzen (Lapurdi) egiten ari diren G7 gailurra ere izan zuten gogoan atzokoan. Elkartasuna adierazi zieten "odolzaleen bileren aurrean protesta egiteagatik atxilotutako antikapitalista guztiei".