Borroka Astea hasi dute Tolosaldean, “sistemak sortutako amorrua iraultzara bideratzeko”

"Egunero zapaltzen gaituzten tresnak azaleratu eta hauek suntsitzera begira zer pauso ematen hasi" eztabaidatuko dute gaurtik ostiralera bitartean, besteak beste, genero zapalkuntza edota jai eredu kapitalista aztertuz. Auzolanerako tartea ere hartuko dute.
Argazki Nagusia
Argazkia: Tolosako Gazte Asanblada
2019ko ekainaren 17a

Amorrutik iraultzara lelopean egingo dute Tolosaldeko Borroka Astea, gaur hasi eta ostiralera bitartean. Amorrutik diote, ezinbestekoa delako "gazte langileak garela aho batez onartzea". Iraultzara, "gazte terminoaren nolakotasuna eraldatu eta bestelako definizio bat garatzea ezinbestekoa" dela uste dutelako: "Subjektu politiko iraultzaileak gara".

Izan ere, Tolosaldeko (Gipuzkoa) Gazte Mugimenduaren hitzetan, "egungo gazte terminoak irudi sumiso eta sinpleari erantzuten dio", eta funtzio garrantzitsu bat betetzen du burgesiarentzat, "oso errentagarri suertatzen baitzaio".

Lan indar merkea, praktika kontratuak, beltzean kobratutako lanak eta ETT aldi baterako lan enpresen baldintza kaskarrak aipatu dituzte adibide gisa, eta egoera horretan, gazteria, "helduleku baten bila", erabat dependentea dela ohartarazi dute: "Ezarrita dagoen bizi eredu jakina betetzera kondenatua dago".

Ibilbidearen fruituak

Tolosaldeko Gazte Mugimenduak azaldu duenez, iazko topaketen fruitua eta hilabete hauetan egindako lanaren emaitza da Borroka Astea.

Parte hartzera gonbidatu dituzte eskualdeko gazte langileak: "Kontziente gara gizarte berri bat eraikitzeko gaur egun inposatua zaigun sistema kapitalista bere osotasunean irauli behar dugula, eta hori gauzatzeko, ezin ditugu gure borrokak besteetatik isolatuta garatu, denok batera jardun behar dugu, eta horretarako gure elkarlana eta elkartasuna antolatzea dagokigu".

Egitaraua

Astelehena, ekainak 17: Jai eredu kapitalista. Hitzaldia, 17:00etan, Ibarrako gaztetxean.

Asteartea, ekainak 18: Kaleko doinuak taldearen aurkezpena. 19:00etan, Anoetako gaztetxean.

Asteazkena, ekainak 19: Genero problematika sistema kapitalistan. Hitzaldia, 17:30ean, Alegiko gaztetxean.

Osteguna, ekainak 20: Bategin Langile Babes sarearen hitzaldia. 17:00etan, Kaxilda gaztetxean.

Ostirala, ekainak 21: Auzolana Ezpala gaztetxean. 09:00etan.

  • Okupazioa, langile klasearen arma kapitalismoan. Hitzaldia, 17:00etan, Ezpala gaztetxean.