Biltegi Komunala zabaldu dute Hernaniko Gaztetxean

Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxeko kideek Biltegi Komunala zabaldu dute hil honetan. Elkartasunean oinarriturik euren beharrak asetzeko baliabideak sortu eta gaitasunak ekoizten joatea du xede. Egungo esplotazio harremanen aurrean, "harreman eredu berriak" sortzeko logika autogestionarioa jarraituko du biltegiak.
Argazki Nagusia
Argazkia: Kontrakantxa Gaztetxea
2019ko maiatzaren 23a

Hilabeteetako hausnarketa prozesu baten ondoren, Hernaniko (Gipuzkoa) Kontrakantxa Gaztetxeko kideek Biltegi Komunala zabaldu dute, eguneroko bizitzan dituzten beharrak merkatu kapitalistaren logikatik kanpo asetzen hasi ahal izateko. Elkartasunezko harremanak izango ditu oinarri, norberak egin dezakeen ekarpena egin eta behar duena hartzeko Biltegitik.

Izan ere, “harreman eredu berri bat sortzearen beharra” azpimarratu dute Kontrakantxako kideek, gaurko esplotazio harremanen aurrean. "Desjabetuek sistema kapitalistan pairatzen duten baliabide gabeziari aurre egin eta langileen interesei erantzungo dieten baliabideak sortzea” dute helburu. Hala, merkatu kapitalistak eskainitako produkzio eta kontsumo ereduen aurrean, euren beharrak autogestioaren bidez asetzeko apustua egin dute. Azaldu dutenez, “soldatapeko lana gainditu eta botere propio bat sortzen joan ahal izateko gaitasunak sortzen joatea” dute helburu. Zentzu horretan, “biltegiak bat egiten du” gaztetxeko kideek jada Hernaniko lursail batzuetan martxan duten baratza autogestionatuaren logikarekin.

Bestalde, jakintzaren kolektibizaziorako hainbat tailer jarri dituzte martxan, euren gaitasunak biderkatzen joan asmoz. Aurkezpen egunean, baratzeko produktuak enbotatzeko tailerra egin zuten, baratzetik ateratzen dituzten produktuak denbora luzean mantendu ahal izateko. Jakinarazi dutenez, Biltegiak une honetan janari eta arropa biltegi sailak ditu, eta gaztetxea bera da egoitza.