Bilboko San Frantzisko auzoan Poliziak egindako eraso arrazista bat salatu dute

Bilboko San Frantzisko auzoko hainbat pertsona "queer, arrazializatu eta emakumeri" eraso egin zien Poliziak uztailaren 5ean. "Irain arrazistak, mehatxuak, borra-kolpeak eta metalezko borra luzagarrien erabilera" salatu dituzte gaur Bilboko auzitegien kanpoan bildu diren ehundik gora lagunek. Azken hilabeteetan eta "COVID-19 pandemiaren harira", bazterturiko auzoetan eta etorkinen aurka Polizia gauzatzen ari den ofentsibaren intentsitatea azpimarratu dute.
Argazki Nagusia
Argazkia: Ecuador Etxea
2020ko irailaren 15a

Joan den uztailaren 5ean, hainbat pertsona queer, arrazializatu eta emakume" talde bat "bortizki eraso" zuten ertzain eta udaltzainek, San Frantzisko auzoan (Bilbo, Bizkaia). Antza, mezu arrazistak eta biolentzia fisikoa erabili zituzten poliziek; hala salatu du gaur Arrazakeriaren Kontrako Euskal Herriko Mugimenduak, Bilboko auzitegien aurrean egindako elkarretaratzean. Ehun lagun inguru auzitegien kanpoaldean ziren bitartean, barruan, gertakarien inguruko deklarazioa ematen ari ziren hainbat pertsona.

Erasoa, "osasun-krisi honen aurrean Poliziari eman zaion boterearen" eta "musukoaren erabileraren" harira gertatu zela adierazi dute, sare sozialetan argitaratutako adierazpen baten bidez. Hala, polizia-agenteek, kalez jantzitako hainbat tartean, borrarekin eraso egin zieten, "joan zaitezte zuen herrialdera" edo "hona bazterrak nahastera etortzen zarete" bezalakoak esanez.

Arrazakeriaren Kontrako Euskal Herriko Mugimenduaren esanetan, poliziek pertsona bat zauritu zuten buruan, eta bi emakume atxilotu zituzten Poliziari men ez egitea leporatuta. Horrez gain, gertakariak mugikorrarekin grabatu zituztenei mehatxu egin zieten agenteek, Mozal Legea ezarriko zietela esanez. Datorren azaroaren 5ean, akusatu gisa deklaratzera joan beharko dute Poliziak salatutako lagunek.

Bazterkeria, ofentsibaren erdigunean

Ez da San Frantzisko auzoan Poliziak egindako erasoak salatzen dituzten lehenengo aldia. Adibidez, GEDAR LANGILE KAZETAk jaso zuen bezala, gazte bat eta emakume bat kolpatu eta atxilo eraman zituen Ertzaintzak joan den martxoan. SOS Arrazakeriak elkarteak orduan ere gaitzetsi zuen, aipaturiko auzoan, "alarma egoeran ugaritu" egin zirela horrelako kasuak, eta "Bilboko gainontzeko auzoetan baino itogarriagoa" zela "militarizazioa eta Poliziaren presioa".

Zuzenean lotu zituzten martxoko Poliziaren erasoak auzo horietako "bazterkeria eta pobrezia" egoerarekin, eta uztaileko gertakarien izaera arrazista ere ez zegoen ekuaziotik aparte. San Frantziskoko etorkinen ehunekoa gainontzeko auzoetakoa baino handiagoa da.

Instituzioen eraginkortasun eza

Erasoa salatzeaz gain, gisa bereko gertakariei aurre egiteko instituzioek dituzten mugak eta eraginkortasun falta azpimarratu dituzte; "ez bakarrik kasu honi erantzuteko, baizik eta giza eskubideen urraketa sistematikoari, miaketa umiliagarriei, arraza-profilaren ondoriozko geldialdi eta atxiloketei, zein areagotuz doan indarraren gehiegizko erabilera egiten duten ehunka kasuei erantzuteko".