Bilboko Langile Autodefentsa Sareak azalpen-oharra aurkeztu du, Jardin Secreto-Espacio Openi erantzuteko

Langile ohi batekin gatazkan murgilduta dauden nagusien bertsioa gezurtatu eta "bidegabeko kaleratzea" salatu dute beste behin.
Argazki Nagusia
Argazkia: @BilbokoS
2020ko urriaren 7a

Bilboko Langile Autodefentsa Sareak komunikatu bat plazaratu du, Deustuko Erriberako (Bizkaia) Jardin Secreto tabernako lan-gatazkaren harira, nagusiek egindako adierazpenei erantzuteko.

Ezer baino lehen, argi utzi dute gaur-gaurkoz enpresa "ez dela harremanetan jarri gatazkari irtenbidea emateko borondatez". Bien bitartean, LASeko kideek nagusiei "azalpen sakonak" eman izan dizkietela azaldu du, "erantzunik jaso ez duten hainbat mezutan", hain zuzen.

ORDAINDU GABEKO ZORRA

Enpresak bere adierazpenetan LASen eskakizunak zalantzan jarri dituenez, "horiek argitzeko beharra" ikusi dute kideek. Izan ere, lan-harremana amaitzean enpresak langileari diru kopuru bat ordaindu zion arren, zenbateko hori "langilearen Aldi Baterako Ezgaitasunari" dagokiola azaldu dute, LASek aurreko komunikatuan eskatu ez zuena. "Beste sasoi eta era batean ordaindu behar zituzten zorrak orain ordaindu izanak, ez ditu salbuesten langilearen kaleratzeari dagokion kalte-ordainaz".

ALDI BATERAKO AITZAKIA

Bestalde, enpresak "aldi baterako kontratua eta proba-aldia" argudiatu ditu bere defentsan. Haren esanetan, "langilea ez zen kaleratua izan ez zeukalako kontraturik indarrean". LASek irmoki gaitzetsi du praktika hori, zehazki, "aldi baterako lan-kontratu faltsuak erabiltzea mugagabea izan behar lukeen lan-harreman bat betetzeko". Praktika hori ostalaritzako enpresaburuen artean "oso ohikoa" dela ohartarazi dute LASeko kideek.

LAN-ABUSUA

Hori ez ezik, langileari dagokion lan-hitzarmena bere osotasunean ez ezartzea "lan-abusua" dela salatu dute. Horrekin batera, bidegabeko kaleratzeagatik diru kopuru bat eskatzeko duten arrazoi nagusia azaldu dute: "Nagusiek ez zioten langileari jakinarazi kontratua berrituko ziotela hasieran, ezta ondoren ez ziotela luzatuko ere".

LEGEAREN BABESEAN

Gainera, enpresak gaitzetsi egin du langileak borroka abiarazteko hautua egin izana, eta horrekin batera, Bilboko LASekin harremanetan jarri izana. Horretarako, "legezko instantzietara ez jotzea" aurpegiratzen diote. LASek, ordea, argi du legearen hutsuneak enpresaren alde jokatzen duela: "Espacio-Openen jarduna osatzen dute hainbat abusuk eta legezkotasunaren mugan dauden hainbat praktikak, prozesu judizial batean nekez sala daitezkeenak".

BORROKARAKO HAUTUA

Gauzak horrela, lan- zein bizi-baldintzen defentsan, "langileriaren auto-antolakuntzaren beharra", ondorioztatu dute LASeko kideek. "Ez ditu ordenamendu juridiko burgesak gure eskariak zehazten; baizik eta esplotazioa pairatzeak ematen digun zilegitasunak eta gure aldarrikapenak aurrera eramateko dugun indar antolatuak", diote.