AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bilboko Langile Autodefentsa Sarearen elkarretaratzea, atzo.
2020/12/16 10:51

Elkarretaratzea egin zuten atzo hainbat lagunek Bilboko (Bizkaia) Limpiezas Arana-Fernandez Aguilar garbiketa enpresaren aurrean, Bilboko Langile Autodefentsa Sareak deituta. LASeko kideek azaldu dute langile bat harremanetan jarri zela sarearekin, bizitzen ari zen egoera ezagutarazteko eta salatzeko. Besteak beste, kontraturik gabe jarduten duela salatu du beharginak -beharrezko izan arren haren egoera erregularizatzeko-, baita zigor ekonomikoak eta bestelako gehiegikeriak pairatu izana ere: gaixorik egonik ere lanera joatera behartzea, ordutegian "erabateko malgutasuna eta disponibilitatea" exijitzea...


Borrokaldia abiatu, eta azaroaren 26an, gutun bat helarazi zion LASek Limpiezas Arana-Fernandez Aguilar enpresako buruari, epe baten barruan betetzeko hainbat exijentziarekin. Borroka sindikalaren ondoren, ordea, kaleratu egin dute langilea. "Erasoak etengabeak izan dira: ez diote azken hilabetea ordaindu, presioak, jazarpena eta mehatxuak jasan ditu enpresarengandik, mezu pertsonalak, lankideen aurrean difamazioak, lan egiten duen etxeetako jabeei gezurrak…", adierazi du elkarretaratzean LASek.


"GATAZKAK AURRERA JARRAITZEN DU"


Enpresaburuari aipatutako epea amaituta, presio kanpainarekin jarraitzen dutela nabarmendu dute LASeko kideek, eta dei egin diote Bilboko langile klaseari, bereziki Uribarri auzoko langileei, elkartasuna hedatu eta presio egin dezaten. "Garaipena lortuko dugu, eta lortzen dugunean, pauso txiki bat izango da gure klasearen autodefentsari begira, guztion garaipena izango da. Erasoen aurrean, langile autodefentsa antolatu!".


LASek gaitzetsi du "etxeko lanen sektoreko enpresak baliatu" egiten direla "sektore feminizatua izateaz", "soldatak debaluatuz, lan-baldintzak okertuz eta langile klasearen baitako geruza ezberdinen arteko arrakala handituz". Baita "langile migratuen egoera zaurgarriaz" ere, "erdi esklabotzako lan-harremanak" sortzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK