Biharko mobilizaziora deitu dute Aiaraldean Artiacheko langileek, kaleratzeak salatzeko eta kaleratuak berriz onartzea eskatzeko

Joan den urrian sei langile kaleratu zituzten Artiachen, Orozkoko lantokian. Hori dela-eta, biharko mobilizaziora deitu dute beharginek Orozkon eta Laudion, kaleratzeak gaitzesteko zein kaleratuak berriz onartzea eskatzeko. Urrian azaldu zutenez, enpresako nagusien "irainak, degradazio pertsonalak eta erasoak" jasan behar izan dituzte azken urteetan, eta "muturrera" eraman izan dute langileen aldi baterako kontratuak eragindako egoera zaurgarria. Lan ikuskaritzarengana jo zuten urte hasieran, euren egoera salatzeko, eta horren ostean izan ziren kaleratzeak.
Argazki Nagusia
Argazkia: aiaraldea.eus
2019ko azaroaren 13a

Artiach enpresak Orozkoko (Bizkaia) lantegiko sei behargin kaleratu zituen urria hasieran. Sei eta hamazazpi urte bitarte egin dituzte bertan lanean, aldi baterako Ranstad enpresaren bidez. Zazpi langilek lan ikuskaritzara jo zuten urte hasieran, euren egoeraren berri emateko, eta bi ondorio nagusi jaso zituen ikuskaritzaren ebazpenak: Artiachen behin-behinekotasun handia dagoela (lan hitzarmenean jasotakoa baino handiagoa), eta kontratu mugagabea izan behar zutela zazpiek. Ebazpenaren ondoren kaleratu zituzten zazpi behargin horietako sei.

Orduko hartan salatu zutenez, enpresako buruen "irainak, degradazio pertsonalak eta erasoak" jasan behar izan dituzte Artiachen lanean jardun duten azken urteetan. Horretaz gain, euren aldi baterako kontratuak eragindako egoera zaurgarria "muturrera" eraman dute nagusiek; hala nola, laneko txanda hasi baino ordu erdi lehenago jakinaraziz ordutegia.

Borrokak etenik ez

Horren guztiaren aurrean, langileek mobilizazioak egin dituzte urritik, eta borrokan jarraitzeko asmo adierazi dute uneoro. Biharko, hilak 14, mobilizaziora deitu dute Aiaraldean: Orozkotik (Bizkaia) autokarabana bat abiatuko da 18:00etan, eta Laudiorako (Araba) bidea egingo dute. Laudion, Lazama plazatik hasita, manifestazioa egingo dute 19:00etan. Protesta horien bidez Artiachen gertatutakoa salatzea dute helburu, baita kaleratutako langileak berriz onartzea eskatzea ere.