Berriro martxan da Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanblada

Une honetan ez dira Kijera gaztetxearen jabe, eta "eraikinetik kanpo" daudenetik, zenbait hausnarketari heldu diete. Ondorioztatu dute gaztetxearen kudeaketak "guztiz jan zuela asanbladaren jarduna", eta orain, "auzoko problematikak aztertzeko eta horiei aurre egiteko" unea delakoan daude. Berriro abian dira beraz, eta borrokarako zenbait helduleku identifikatuta, "egoera goibela iraultzeko apustua" egin dute.
Argazki Nagusia
Argazkia: @AZgazteak
2020ko otsailaren 12a

Donostiako (Gipuzkoa) Alde Zaharreko Gazte Asanbladak ibilbide berriari ekin dio jada. Asanbladako kideek ohar bidez jakinarazi dutenez, aurrerago Kijera gaztetxea izango zen eraikina birjabetu zenetik, "gazte asanbladaren funtzioak eta eraikinaren kudeaketa Kijerako asanbladatik bideratzeko apustua" egin zuten. Urte eta erdi iraun dute gaztetxean, eta une honetan espazioaren jabe ez direla, hainbat hausnarketari egin diete bide.

"Urte eta erdi iraun genuen eraikinaren barruan, horrek suposatzen duen esfortzu guztiarekin. Eraikinaren kudeaketak guztiz jan zuen asanbladaren jarduna, eta gutxinaka auzoko arazoei erantzuna emateari utzi genion; kaleko jarduna eten genuen", adierazi dute asanbladako kideek. Orain "eraikinetik kanpo" daudela, "auzoko problematikak aztertzeko eta horiei aurre egiteko" unea delakoan daude.

Azaleratutako problematikak

Auzoan bizi dituzten arazoen inguruko analisiaren aurreneko zantzu batzuk argitaratu dituzte oharrean: "Jakina da gure auzoa zertan bihurtzen ari diren kapitalaren morroiak". Hala, asanbladak gogoan izan ditu, esaterako, Alde Zaharrean martxan dauden ehunka tabernak, "turistentzako erakusleiho" direnak; auzoan zabaltzen ari diren apustu etxe eta apustu makinak; euskararen erabilera; edota "miseria hori guztia kontrolpean mantentzeko Espainiako Estatuaren indar armatuak eta bertako indar kolaborazionistak", tartean, Kaian dauden militarrak.

"Egoera goibelari buelta emateko garaia" dela uste dute asanbladako kideek, eta antolatzera dei egin diete Alde Zaharreko gazteei: "Antolakuntzaz eta borrokaz auzoko gazteok gure artean saretuz, egoera iraultzeko apustua egiten dugu".