Iruñerriko Autodefentsa Sareak baterajotze nazionalera deitu du, Eunaten kamerak kendu ditzaten eskatzeko

Iruñeko Eunate institutuko ikasle mugimenduko kideek elkarrizketarako deia luzatu diote zuzendaritzari. Ezezko erantzunaren aurrean, baina, baterajotze nazionala deitzea adostu dute ikasleek.
Argazki Nagusia
2019ko martxoaren 14a

Ikasturte hasieran hasi zuten Txantreako (Iruñea, Nafarroa) Eunate ikastetxeko ikasleek bideo-zaintza kamerak kentzeko borroka. Mobilizazioak ugariak izan badira ere, institutuko zuzendaritzak oraindik ez du onartu ikasle mugimenduko kideekin negoziaketa prozesu bat abiatzea, kameren inguruan hitz egiteko. Are gehiago, bertako ikasle mugimenduko kideek salatu dutenez, errepresioaren bidez erantzun du zuzendaritzak askotan.

Azken kasua, ikasleei greba eta paroa deitzeko bozketa egiteko eskubidea ukatzea izan da. Egoera horren aurrean, Iruñerriko ikastetxe ezberdinetako ikasleak batzen dituen Iruñerriko Autodefentsa Sareak baterajotze nazionala deitzea erabaki du, atzo prentsaurreko batean iragarri zuenez.

Hitzordua martxoaren 21ean

12:00etan Anttoniuttitik abiatuko da mobilizazio nazionala, martxoaren 21ean, eta ikasleek dei egin diete Euskal Herriko ikasle mugimenduari eta langile klaseko sektoreei baterajotze nazionala babestu dezaten: "Zapalduok gure kideen defentsa antolatzeari ekin beharra diogu, ezin gara egon gure eskubideak beste inork defendatuko dituenaren esperoan. Sistema honek ez gaitu defendatuko, bera da gure eraso ororen jatorria, autodefentsa da gure bide bakarra".

Antolatzeko eskubidea

Bestalde, zuzendaritzari elkarrizketarako azken dei bat luzatu zion atzo IASek. Izan ere, pasa den otsailaren 28an, Iruñerriko ikasleek modu kolektiboan idatziriko eskutitz batean, Eunateko zuzendaritzari eskatu zioten elkarrizketa prozesu bat ireki zezan bideo-zaintza kamerak kentzeko bideak aztertzeko eta ikastetxean gertatu diren errepresio kasu ezberdinekin amaitzeko. Zuzendaritzaren erantzuna isiltasuna izan bazen ere, ikasleek bide hori hartzeko prestutasuna agertu zuten beste behin ere.

Zentzu berean, ikasle mugimenduaren aurkako manipulazio kanpaina salatu zuten IASeko kideek. Izan ere, hezkuntza publikoko zein D ereduko ikastetxe baten "bizikidetzari" eraso egitea leporatu zaie ikasle mugimenduko kideei. Horren aurrean, ikasleek euren eskubideen alde antolatzea eta borrokatzea ez dela hezkuntza publikoari eraso egitea argi utzi nahi izan zuten: "Eunaten arazoa zuzendaritzak hartutako jarrera da, bera da une honetan erasoak kontzienteki bideratzen dituena, ikasleekin batzeari ezezkoa emanez eta ikastetxearen militarizazioa eta kontrola areagotuz".

Greba nazionala

Iruñerriko Autodefentsa Sareak iragarritako baterajotze nazionalari babesa erakutsiz, eta mobilizazioa ahalik eta jendetsuena izan dadin, Ikasle Abertzaleakek greba nazionala deituko du martxoaren 21erako. Hala, hezigune ezberdinetan paro orduak eta beharrezkoa den lekuetan egun osoko grebak antolatzera deitu ditu Euskal Herriko ikasleak.