AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ager Vasconumeko Gazteak
2021/04/28 08:18

Ager Vasconumeko Gazteak kolektiboa sortu dute Nafarroako erdialdeko eta Erriberako hainbat gazte eragilek, eta aurreneko dinamikaren berri eman dute jada: Bardeako tiro-poligonoaren eta horrek "ordezkatzen duen" guztiaren aurkako lanketari ekin diote. Momentuz, jakinarazi dute hainbat hitzaldi eta Gazte Martxa bat antolatu dituztela dinamikari lotuta. Ekainaren 26an egingo dute Gazte Martxa, eta tiro-poligonoko sarrera izango da helmuga.

Gazteen esanetan, 70 urte daramatzate Bardeako tiro-poligonoa "jasaten eta sufritzen": "Jaio ginenetik, etengabe entzun ditugu bonben soinua eta hegazkin militarren hegaldia gure buruen gainean". Azaldu dute, hain zuzen, "erregimen frankistak" duela zazpi hamarkada sinatu zuela "entrenamendu-kontratua" aire armadarekin. "Akordio horri esker, Espainiako Armadaz gain, NATOko edozein herrialdek entrena dezake Bardeetan", gaineratu dute.

"NATOren aurka gaude, hau da, Europako eta Ipar Amerikako herrialde gehienen aliantza militarraren aurka; izan ere, estatu horien interes inperialistak defendatzeko sistema bat da, defentsa-sistema kolektibo bat [...]. Bere boterea kontrolatzeko eta handitzeko lantza militarraren punta; mendebaldeko burgesiaren boterea", dio Ager Vasconumeko Gazteak kolektiboak.

Tiro-poligonoaren "alderdi askotan dagoen iluntasuna", "ekologiaren eta gure osasunaren aurkako erasoa" eta "eskubideen lapurreta" ere seinalatu dituzte gazteek, besteak beste. Hortaz, "protesta egiten eta borrokatzen" jarraituko dutela berretsi dute.

EZ DAGO IRUZKINIK