Autogestioa, gaztetxe sareak, faxismoa eta beste hamaika gako landu dituzte ehunka gaztek, Gipuzkoako Gaztetxe Topaketetan

Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean burutu berri diren topaketetan, hamaika gaien inguruan aritu dira herrialdeko txoko ezberdinetatik bertaratutako ehunka gazte; hala nola, krisi kapitalistaren testuingurua eta bere adierazpide politikoak, genero auzia, gaztetxe eta gazte asanbladen izaera politikoa, zapalduen elkartasuna gauzatzeko martxan diren antolakuntza ereduak eta proiektu zehatzak, okupazioaren aukerak eta funtzioak, zein autodefentsa eta saretzearen beharra.
Argazki Nagusia
2019ko martxoaren 25a

Gaztetxe sareen esperientziak eman zion hasiera, ostiralean, topaketen egitarauari. Bertan, Iruñerriko (Nafarroa) zein Goierriko (Gipuzkoa) gaztetxeen elkarlanak, antolakuntza ereduari eta gaitasunen zentralizazioari dagokionean utzitako irakaspenak atera zituzten mahai gainera. Besteak beste, sortu berri den gune autogestionatuen babes sarea, Erraki, izan zuten ahotan. Eguna amaitzeko, gaztetxeen arteko bertso saioak girotu zuen Kontrakantxa

Goiz hasi zen egitaraua larunbatean ere. Gosaldu ostean, autogestioaren inguruko bi saio izan ziren. Bertan, autogestioaren izaera politikoaren ezinbestekotasunaz eta oinarrietaz, okupazioaz eta antolakuntza ereduaz zein autodefentsaz jardun zuten. Ondoren, faxismoaren bilakaera eta une historiko bakoitzean fenomeno hori nola gorpuzten den aztertzeko tartea izan zen. Une berean, kapitalismoaren krisi ziklikoak eragindako berrantolaketak okupaziorako sortzen dituen baldintzetaz aritu ziren, aukera horren potentzialitate iraultzailea askatzeko aukeren inguruan hausnartzearekin batera.

Bazkal ostean, krisiak eragindako larritasun egoeren ondorioak landu zituzten gazteek. Hala, errefuxiatuen eta sektore kolpatuenen babeserako, Txantxarreka zein Kontrakantxa gaztetxeek sortutako harrera eta asistentziarako proiektuak izan zituzten hizpide, eta proiektu horiek sor ditzaketen gaitasunen inguruan aritu ziren. Une berean, genero auzia eta eskualde bakoitzean alor horretan sortutako tresna eta guneen izaera aztertzeko tartea izan zen.

Soka berari tiraka, gaztetxeen defentsan

Gaztetxe eta gune autogestionatuen defentsan, ehunka izan ziren Gaztetxeak saretu, autodefentsa antolatu lemapean Hernaniko kaleak hartu zituzten gazteak, larunbat arratsaldean. Sagardotegi giroak lausotutako bazterretan, ozen entzun zen Maravillas zein Kijera gaztetxeen aldeko oihua eta konpromisoa. Aldarrikapenak elkartasun keinuak ere utzi zituen atzokoan; manifestazioa amaituta, Altsasuko gazteen aldeko argazkia atera zuten bertaratu zirenek.