Aurrera doaz tokian tokiko Herri Unibertsitateak

Ibaetan eta Gasteizen atzo eman zieten hasiera Herri Unibertsitateetako egitarauei. Gaur goizean ireki dituzte Iruñeko, Bilboko eta Leioako Herri Unibertsitateetako ateak, eta bihar, Eibarren txanda izango da. Askotariko auziei helduko diete hala tokian tokiko ikasleek, hitzaldi, tailer zein mahai-inguruen bidez.
Argazki Nagusia
Herri Unibertsitatea Ibaetako campusean. Argazkia: Ibaeta Martxan
2020ko otsailaren 18a

Martxan dira tokian tokiko Herri Unibertsitateak Hego Euskal Herriko campusetan. Atzo, otsailak 17, eman zieten hasiera Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) eta Gasteizko (Araba) campusetako egitarauei, goizetik hasita. Gaur, otsailak 18, Iruñean (Nafarroa), Bilbon (Bizkaia) eta Leioan (Bizkaia) lur hartu dute Herri Unibertsitateek, hiru eguneko egitarauei ekiteko. Bihar, otsailak 19, Eibarren (Gipuzkoa) hasiko dute Herri Unibertsitatea.

Gasteizko campuseko ikasleek, besteak beste, euskararen standarizazioa, antisorgailuak edota drogak eta haien erabilpena izan zituzten hizpide atzo. Ibaetan, aldiz, Diskurtsoak eta egiak hitzaldia eskaini zuen Bernardo Atxagak, eta Latinoamerikaren inguruan jardun zuen Pablo Garciak.

Gaur ere askotariko auziak landuko dituzte campusetako ikasleek, hitzaldi, tailer zein mahai-inguruen bidez. Esaterako, migrazioen eta errepresioaren inguruan hitz egingo dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Leioan, aldiz, suizidioa, Odontologiako eta Arte Ederretako ikasleen borroka, genero problematika edota Kataluniako mobilizazioen esperientzia izango dituzte mintzagai. Bilbon, larrialdi klimatikoaren, Ezker Abertzalearen garapen historikoaren eta langileon autodefentsaren inguruan arituko dira, besteak beste.

Bihar ere goizetik hasiko dira saioak Hego Euskal Herriko campusetan, Eibarren barne. Herri Unibertsitate guztietako egitarauak ikusteko, egin klik hemen

ARGAZKIAK: IBAETA MARTXAN, HARA BA!, BUIAKA!, LEIOATIK! eta NUPeko IA