AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2020/10/15 13:10

Bihar, hilak 16, izango da ITP Aeroko langileen eta zuzendaritzaren arteko negoziaziorako ezarritako epearen azkeneko eguna. Ez dago aldaketarik, eta zuzendaritzak, ekoizpenarekin lotutako arrazoiak argudiatuta, Zamudioko (Bizkaia) plantako 194 langile kaleratu nahian jarraitzen du. Horietatik 101 dira ekoizpen arlokoak, eta 93 bulegoko langileak. Beharginen %15,3 dira.

Aldi baterako enplegu erregulazioa luzatzea eskatzen du langile batzordeak: "Langile bakoitzari 35 eguneko aldi baterako erregulazio ezarrita, kaleratzeak ez dira beharrezkoak", diote. Atzo, hilak 14, hiru eguneko greba hasi zuten langileek, negoziaziorako epearen azkeneko egunera arte iraungo duena. Manifestazio bat egin zuten.

Azkeneko urteetan enpresak kontrataturiko behin-behineko langileak izango dira kaltetuenak kaleratzeetan. Bi urte baino gehiago daramate enpresan, beraz, kontratu finkoak izan beharko lituzkete jada. Plantillaren %12 dira eta gehienak gazteak dira.

"ERAKARGARRIAGO"

Honek guztiak arrazoi argia dauka, langileen esanetan. Duela bi urte Indra enpresak erosi nahi izan zuen ITP enpresa baina, gaur egun, oraindik salgai dauka Rolls Roycek. Arrazoia, soldaten "kostua" murriztu nahi dituztela: "Erakargarriago bihurtu nahi gaituzte erosle izan daitezkeenentzat".

Izatez bihar emango dute amaitutzat negoziazioa, baina badago luzatu daitekeela pentsatzen duenik langile batzordean. Horretarako, enplegu espedientea ez sinatzea omen da ezinbesteko baldintza. Espediente horrek, baina, Zamudioko plantari eragiteaz gain, Alcobendas eta Aljavirreko lantokiei ere eragiten die. Horregatik, langile batzorde bateratua osatu dute.

UZTAILETIK BORROKAN

ITP Aeroko langileek uztailetik daramate mobilizazioekin, enpresak iragarri baitzuen 600 langile kaleratuko dituela. Bizkaian lau lantegi ditu ITP Aerok, Zamudion, Barakaldon, Sestaon eta Derion, eta langileek mobilizazioei ekin zieten irailean. Manifestazio bat egin ostean, Zamudioko plantan 194 kaleratze izango direla atera zen argitara. Ordutik ere borrokan jarraitzen dute beharginek.