Atzo ere Euskal Herriko kaleak bete zituzten Patxi Ruiz preso politikoari elkartasuna adierazteko

Gose greban jarraitzen du Ruizek, hamalaugarren egunez. Atzo manifestazio jendetsuak egin zituzten hainbat txokotan, tartean, Iruñean, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Lapurdin edota Durangon. Espainiako Polizia manifestarien aurka oldartu zen Iruñeako Gaztelu plazan, eta gutxienez pertsona bat eraman zuten atxilo.
Argazki Nagusia
Atzoko manifestazioa Donostian.
2020ko maiatzaren 24a

Atzo, hilak 23, Patxi Ruiz preso politikoak hamahirugarren eguna bete zuen gose greban. AAEAMek gauean jakinarazi zuenez, "egonkor" dago "larritasunaren barnean". Berrogeialdia ezarri diotenez, Murtzia II espetxeko erizaindegian dago.

Arratsaldean mobilizazio jendetsuak izan ziren Euskal Herriko kaleetan, txantrearrari eta hark hasitako borrokaldiari elkartasuna adierazteko. Esaterako, jendetza bildu zen, Iruñean (Nafarroa), Ruizen jaioterrian. Patxi SOS aldarria eskuan hartuta, haren borroka babesteko eta amnistiaren aldeko oihu ozenek hartu zuten kalea.

Faxistek istiluak eragin zituzten mobilizazio osoan zehar, eta besteak beste, manifestarien aurka oldartu ziren Gaztelu plazako taberna batean, haiek irainduz. Erasotzaileak babestu zituen Espainiako Poliziak, eta manifestazioaren eta bertan zeudenen aurka egin zuen. Poliziek gogor kolpatu zituzten plazan bertan, tartean, GEDAR LANGILE KAZETAko kazetari bat. Gutxienez pertsona bat atxilotu zuten, eta ospitaletik pasatu ostean, komisaldegira eraman zuten. Gauean bertan utzi zuten aske.

Euskal Herriko beste hainbat hiriburutan ere izan ziren mobilizazioak atzokoan; tartean, Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Baionan (Lapurdi) eta Bilbon (Bizkaia). Donostian, herrialde mailako manifestazioa egin zuten. Bulebarrean hasi eta buka, "amnistia osoa" aldarrikatzen zuen pankarta buru zutela, hiriburuko kaleetan zehar egin zuten oihu ehunka pertsonak.

Andra Mari Zuriaren plazatik abiatu zen Gasteizko mobilizazioa. Ehunka pertsona bildu ziren bertan ere, "presoak borrokan, gu ere bai" esanez eta "amnistia osoa" aldarrikatuz. Bilbon ere ehunka izan ziren manifestazioan parte hartu zutenak, eta bertan, Ruizen borrokaren duintasuna izan zuten aldarri. Etxebarrieta Anaien Plazatik hasi eta hainbat kale gurutzatu zituzten manifestariek, Duintasun eredu zara Patxi, amnistia osoa lemapean.

Lapurdin ere izan ziren Ruizen aldeko elkartasun mobilizazioak. Baionan 300 pertsona elkartu ziren, eta preso politikoen etxeratzea eskatu zuten, amnistia eskatzearekin batera. 17:00etan Herriko Etxetik abiatu eta kontsulatura zuzendu zen manifestazioa.

Bestalde, beste hamaika txokotan ere elkartasun ekintza gehiago izan ziren atzo: manifestazioa Durangon (Bizkaia), egun osoko elkarretaratzea Zarautzen (Gipuzkoa), elkarretaratzeak Altsasun (Nafarroa) edota Berangon (Bizkaia), eta abar.

- Bilboko argazkiak: La Haine

- Durangoko argazkiak: @TRB52023244

- Gasteizko argazkiak: Gasteizko IA