Arte Ederretako oinarrizko materialaren gehiegizko kostua salatu du UIBk

Arte Ederretako ikasle bakoitzak, graduko lehen bi urteetan, 600 eurotik gora gastatzen ditu oinarrizko materiala ordaintzeko. Hala, Unibertsitateko Indar Batasunak deituta, eskolako materialaren kostuen doakotasuna aldarrikatu dute gaur EHUko hainbat campusetan, Arte Ederretako ikasleei elkartasuna adierazteko. Fakultateko ikasleek batzarra ere egin dute aste honetan, salaketaren oinarriak zehazteko, eta haien eskaerak biltzen dituen eskutitza zuzendu diote dekanotzari.
Argazki Nagusia
Argazkia: Leioatik
2019ko abenduaren 12a

Eskolako materialaren "gehiegizko kostua" dela-eta, borrokaldia abiatu dute Leioako (Bizkaia) Arte Ederren fakultateko ikasleek, UIBren eskutik. Gradu horretan matrikulatuta daudenek, 600 eurotik gora xahutzen dituzte lehen bi ikasturteetan. Auziaren inguruan jarduteko, fakultate mailako batzarra egin zuten herenegun Arte Ederretako UIBko kideek. Hala, hainbat oinarri eta eskaera zehaztu zituzten.

Dekanotzari gutun bat bidali diote ikasleek, salaketa eta eskaerak helarazteko. Bertan diotenaren arabera, "dirutza" gastatzen dute klaserako "behar-beharrezkoa" den materiala eskuratzeko. Gainontzeko graduetan lanak egiteko eta klaseak jarraitzeko "boligrafoa eta papera" baino ez direla behar gogorarazi dute, euren graduan, material sorta zabalagoa den bitartean. "Egoera hau aldatu beharra dago", diote ikasleek.

Gradu hori hautatzeagatik gehiago ordaintzea bidezkoa ez dela adierazi dute. Orain artean ere, "hainbat bidetatik" eskaerak egiten eta arazoaren berri ematen saiatu diren arren, ez dute ia erantzun jaso. Horregatik, salaketa publikoa egitea erabaki dute hainbat ikaslek, "arduradunekin biltzeko" eta arazoari irtenbidea topatzeko esperoan.

Gaur, osteguna, elkarretaratzea egin dute Arte Ederren fakultatean, baina baita EHUko beste hainbat campusetan ere, Unibertsitateko Indar Batasunaren deialdiei erantzunez. Hain zuzen, Gasteizen (Araba), Bilboko (Bizkaia) San Mamesen eta Ibaetan (Gipuzkoa) izan dira mobilizazioak, eta Arte Ederretako ikasleentzat kostuak "gaurdanik" murritzea aldarrikatu dute.

Kostuak, zenbakitan

Ikasleek zerrendatu egin dute fakultatean erostera behartuta dauden gutxieneko materiala:

  • Pintzelak: 20 euro
  • Oleoak: 70 euro
  • Irarlanerako materiala: 20 euro
  • Euskarriak: 20 euro
  • Irudigintzarako materiala: 40 euro
  • Edding errotulagailua eta tinta : 20 euro
  • Tresna kaxa: 30 euro

Tasa gorakorrak, beka gutxituak

Aurrera doa Unibertsitateko Indar Batasunak tasak eta bekak borrokatzeko martxan jarritako kanpaina. Aste honetan eskuorriak banatu dituzte UIBko kideek, zenbait datu ikasleen eskura jartzeko. Oharrean azaldu dutenez, matrikularen prezioak gora egin du Europar Batasuneko kreditu sistema ezarri den azken hamar urtetatik bost urtetan.

Bologna prozesura batu zenetik, EHUrentzat pisua irabazi dute ikasleen tasek. Izan ere, 2013tik 2017ra bitartean, EHUk ikasleen tasen bidez jasotako dirusarrerak hazi egin ziren; 32 milioi euro biltzetik, 47 milioi euro biltzera igaro zen.

Bekei dagokienez, horiek eskuratzeko baldintzak "gero eta zailagoak" direla ohartarazi du UIBk: kreditu kopuru jakin bat gainditu ezean, beka eskuratzeko aukera galtzen dute ikasleek, eta graduz aldatzen direnek, ez dute bekarik lortzen denboraldi batean. Gainera, bere horretan mantendu dira etxebizitza ordaintzeko laguntzak, alokairuen prezioek gora egin duten bitartean.

UIBren esanetan, "oso baxua" da bekak lortzeko baldintza gisa ezarritako gehieneko diru-sarrera (familiarena). Ezaugarri horiek betetzen dituen beka sistemak, "hezkuntza eskuragarri" egiteko baino, "ikasleari presio egiteko mekanismoak" direla dio UIBk; eta horren aurkako aukera bakarra, aldiz, "baldintza negargarri" horiek jasaten dituztenen antolaketa.