Araluceko beharginek mobilizazioak berrartuko dituzte, euren lanpostuen defentsan

Jarduera geldiarazita dago Igorreko lantegian, eta langileek ez dute urtarriletik soldata bat bera ere kobratu. Batz kooperatibak “euren lana ordezkatzea" salatu dute.
Argazki Nagusia
Araluceko langileen manifestazioa
2020ko ekainaren 3a

Datozen egunetan Igorreko (Bizkaia) Araluce enpresako beharginek salbuespen egoeraren ondorioz bertan behera utzi behar izan zituzten mobilizazioak martxan jarriko dituzte berriz. Langileek soldatapean jarduten zuten enpresako likidatzaileek abenduaren 31rako 141 langile bota zituzten arren, Batz Aralucekoak kide gisa euren “eskubideak defendatzea” dagokiela adierazi dute.


Azarotik lanik gabe daude langileak, eta langileen batzordeak salatu duenez, “ez dute urtarriletik ezertxo ere kobratu”. Tartean, lehen Araluceri zegokion lan-karga Batz Taldearen beste instalazioetara mobilizatu dute.


Babes juridikoa


Apirilaren 14an Bilboko (Bizkaia) bigarren Merkataritza Epaitegiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailaren ebazpena jakinarazi zieten Araluceko langileei. Bertan zionez, fabrika ixtea eta 141 beharginak kaleratzea ontzat ematen zen. Bilboko epaitegiak, behin enplegua arautzeko dosierra ikuskatuta, Lakuako Lan Agintaritzari bi orrialdeko txosten bat luzatu zion, non kanporatze prozesuari baiezkoa ematen zion. Lan Agintaritzak ere Araluceren eta Batz kooperatibaren erabakia babestu zuen, prozesuan ez baita beste aldaketarik izan gaur arte.


Talde industriala erantzule


Batzek erabaki guztiak "kooperatibaren interesen arabera" hartu dituela salatu du behin baino gehiagotan Araluceko langileriak. Argi eta garbi adierazi dute Batzek eta Aralucek “lantalde bat” osatzen dutela, eta zentzu berean hartu dituztela erabaki ekonomiko, industrial eta estrategiko guztiak". Araluce ixteko erabakia “eurek inposatua” izan dela ondorioztatu dute beharginek, eta “141 familiaren sufrimendua" eragitea leporatu diete. Ondorioz, Mondragonen ustezko elkarlaneko printzipioak “fartsa bat” direla diote langileek.