AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/02/28 14:35

Beste urte batez, Herri Unibertsitate nazionalak ehunka pertsona batu ditu Leioako (Bizkaia) campusean, bi egunez. Asteazkenean, otsailak 26, eman zioten hasiera egitarauari. Hitzaldi zein mahai-inguru bidez, grebak, sobietak, postmodernitatea, langile kontrolpeko espazioak, jazarpen politikoa, sindikalgintza forma berriak eta genero problematika izan zituzten aztergai bertaratako lagunek.

Atzo, otsailak 7, goizean goiz hasi ziren Herri Unibertsitate nazionalaren bigarren eguneko saioak. 10:00etan, Proletariotza eta prozesu sozialista: egungo aukerak eta etorkizuneko erronkak hitzaldia izan zen Hezkuntza Fakultatean. Hiru ardatz nagusi jorratu zituen hizlariak: egungo testuinguruaren azterketa (Europaren gainbehera eta krisialdia, besteak beste), marko teoriko orokorra, eta hipotesi politikoa (masa alderdi komunistaren eraikuntza).

Ordu berean, Xabier Arrizabalok eskaini zuen hitzaldia Zientzia eta Teknologien Fakultatean: Errusiako Iraultza izan zuen mintzagai, irakaspenak mahaigaineratu eta aztertu asmoz.

12:00etan izan zen aurtengo azken mahai-ingurua, Isabel Benitez eta Itaiako Nadia Perezen eskutik. Sistema kapitalistaren barruan emakume langileek bizi duten menderakuntzaren inguruan jardun zuten.

Bazkaria egin zuten gero Hezkuntza Fakultatean, eta iluntzean, jaialdi batekin itxi zuten egitaraua, Errekaldeko Etxarri II gaztetxean. Rodeo eta Huntza taldeak aritu ziren taula gainean.

Herri Unibertsitate nazionalaren lehenengo eguneko argazkiak ikusteko, egin klik hemen

TOKIAN TOKIKO HAZIAK

Herri Unibertsitate nazionalaren aurretik, tokian toki egin zituzten Herri Unibertsitateak Hego Euskal Herriko hainbat campusetan, aurreko astean. Hain zuzen, Leioako (Bizkaia), Bilboko (Bizkaia), Ibaetako (Gipuzkoa), Iruñeko (Nafarroa) eta Gasteizko (Araba) campusetan izan dira aurtengo edizioak.

EZ DAGO IRUZKINIK