AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/01 18:18

Gaur, hilaren lehena, salbuespen egoera hasi zenetik nazioartean entzute handia izan duen alokairu greba jarri da martxan. Espainiako Estatuak zenbait "neurri sozial" mahaigaineratu ditu krisiaren aurrean, hala nola, etxe-kaleratzeak etetea, alokairuen prezioak izoztea, maizterrentzako miko-kredituak jalgitzea, horiek jasotzeko baldintzak leuntzea edota etxe jabe handiek zein inbertsio funtsek maizterrei lau hilabeteko luzamendua ematea errentak ordaintzeko. Neurriok, ordea, alokairuak bere horretan mantentzera daude zuzenduta.

Hala salatu dute estatu mailako hainbat maizterrek nahiz eragile sozialek; eskainitako baliabideak "guztiz eskasak" direla. Horien ondorioa "krisiak gehien kolpatutako sektoreen zorpetzea" dela ohartarazi dute, eta sektore horiek espekulazioak puztutako alokairuak ordaintzera behartzea, berriz, "guztiz onartezina". Horrenbestez, alokairuen ordainketa bertan behera uzteko egitasmoa abiatu dute. Hego Euskal Herriari dagokionez, Donostiako (Gipuzkoa) Maizterren Sindikatuak egin du bat deialdi orokorrarekin.

Maizterrak zaurgarritasun egoeran

Talka Sozialerako Plana izeneko eskakizun zerrenda bat aurkeztu dute grebaren bultzatzaileek, lan-eskubideei, etxebizitzari eta osasungintzari lotuta. "Alokairuaren ordainketak bertan behera uztea" beharrezkotzat jotzen dute, milaka familiak etxebizitza izatea bermatzeko. Maizterrek "zalantzaz eta ezinegonez betetako" egoera bizi dutela argudiatu dute, horien artean, ia erdiak diru-sarreren %40 baino gehiago errenta ordaintzeko baliatzen baitu.

Gogorarazi dute, hala, egoera larri hori aregotu egin duela Covid-19ak eragindako krisiak; dagoeneko milaka dira erregulazio txostenen eragina, soldata-murrizketak edota zuzenean diru-sarreren likidazioa jasan dituzten langileak. "Hornikuntza-krisiaren arriskua" aurreikusten dute etorkizunari begira.

Zorraren iruzurra

Espainiako Gobernuaren erabakiek "alokairuen prezioak eustearen alde" egiten dutela azaldu dute maizterrek. Salatu dutenez, "ez zaio jaramonik egin" beharginak soldata eta gastuen artean pairatzen ari diren arrakalari. Alderantziz, mikro-kredituak txertatzeko erabakiak alokairuen etetea "kosta ala kosta saihesteari" erantzuten dio.

Mikro-kreditu horien ondorioz "milaka familia zorpetzen diren bitartean, ugazaba handien irabaziak ukiezin mantenduko dira", argitu dutenez. Gobernuak zor publikoa handitzeko hartutako erabakiak, hortaz, "higiezinen merkatua elikatzea du helburu".