Alestiseko langileek elkarretaratzea egin dute gaur, kaleratutako lankideak berriz kontratatzea exijitzeko

77 behargin kaleratu ditu Gasteizko hegazkingintza enpresak eta, gaur, hamalau langile igaro dira Lan Ordezkaritzatik.
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA Gasteiz
2021ko urtarrilaren 14a

Alestis Aerospace enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizen (Araba), kanporatutako 77 lankideei elkartasuna adierazteko eta haiek berriz kontratatzea eskatzeko. Aurreko asteetan ere mobilizazioak egin dituzte Arabako hegazkingintza sektoreko beharginekin batuta, kaleratze masiboen aurka.


Alestisek, hain zuzen, 1.300 langile ditu banatuta Gasteizen, Getafen (Madril) eta Andaluzian. Arabako plantan 77 langile bidali dituzte kalera enplegu-erregulaziorako espediente (EEE) bat ezarriz: 56 nahitaezko kaleratze gauzatu dituzte eta, horretaz gain, 21 langile behartu dituzte aurretiko erretiroa hartzera edo "borondatezko" kaleratzea onartzera.