Aiaraldeko langileriak mobilizazioak eta lanuzteak egin ditu Laudion, 'SOS Aiaraldea' lelopean

"Enpresa-itxierak, kaleratzeak eta sektore guztietako baldintzen kaxkartzea" salatu dituzte milaka beharginek. Mobilizazioaren amaieran, ekitaldia egin dute herriko plazan. "Kezka" azaldu dute eskualdeko etorkizunari dagokionez, eta "lanpostuen defentsa" berretsi dute. Arratsaldean Amurrion egingo dute manifestazioa.
Argazki Nagusia
Argazkia: Arabako ALEA
2021eko ekainaren 2a

Asteazken honetan 2.000 langile inguru kalera atera dira Laudion (Araba), SOS Aiaraldea lemapean. Manifestazioa 11:00etan abiatu da Laudioko Herrriko Plazatik, “lan arloko egoera orokorra” salatzeko. Horrekin batera, lau orduko lanuztea izan da eskualdeko ia sektore guztietan. 19:00etan Amurrion (Araba) egingo dute mobilizazioa, Juan de Urrutia Plazatik hasita.

Tubacexeko grebak 111 egun bete dituen honetan, enpresak “langileen proposamenak baztertu” egin dituela eta “horrek dakarren arriskua” ohartazi dute grebalariek. Sindikatuek eta tokiko hamaika eragilek bat egin dute SOS Aiaraldea plataformaren deialdian.

Enpresa ugariren itxiera, kaleratzeak eta lan-baldintzen kaxkartzea “eguneroko ogi” bihurtu direla diote. Horrekin batera, “konpromiso instituzional eza" nabarmendu dute.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik