Agoiztik Iruñerainoko martxa egin dute Siemens Gamesako langileek

Beharginek 03:00etan ekin zioten martxari Agoitzen, eta Nafarroako Parlamentu aurreraino eraman zuten Siemens Gamesaren itxieraren aurkako aldarria. 239 dira Agoizko fabrikan soldatapean jarduten dutenak.
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA Nafarroa
2020ko uztailaren 24a

Borrokan jarraitzen dute Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesako langileek. Atzo, osteguna, protesta egin zuten Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Agoizko fabrika ez ixteko eskatzeko. Horren aurretik, zazpi orduko martxa egin zuten 60 langile inguruk, oinez: 03:00etan hasi zuten ibilbidea Agoitzen, eta 10:00etan iritsi ziren Nafarroako Parlamentura.

Hainbat lagun batu ziren ibilbidean zehar, esaterako, Sarrigurenen (Nafarroa). Siemens Gamesaren Agoizko eta Sarrigurengo lantegietako beharginek elkarretaratzea egin zuten aurreko astean, elkarrekin.

Enpresa batzordeak atzo adierazi zuenez, "hemen gaudela, borrokan, eta ez garela geldituko" gogorarazteko bildu ziren atzo Iruñean. "Espedientea atzera bota dezatela" exijitu zuen berriz, eta salatu zuen enpresak "ez duela ikusten zenbakietatik harago".

Bata bestearen atzetik

Duela hamar urte, Altsasutik (Nafarroa) Iruñeraino egin zuten martxa Siemens Gamesako langileek, orduko hartan, Altsasuko fabrikaren itxiera salatzeko. Azken urteetan, besteak beste, Imarkoaingo (Nafarroa) lantokia ere zarratu du enpresak herrialdean.

Gaur, uztailak 24, bertako fabrikaren itxieraren aurkako mobilizazioa egingo dute Agoitzen. Egun, 239 beharginek jarduten dute plantan soldatapean.