AAEAMek amnistiaren aldeko manifestazioa deitu du larunbaterako, Iruñean

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak debekatu egin du AAEAMek asteburu honetarako egindako deialdia. Hala ere, "manifestazioarekin aurrera jarraituko duela" adierazi dute AAEAMeko kideek.
Argazki Nagusia
2020ko ekainaren 25a

Datorren larunbaterako, hilak 27, amnistiaren aldeko mobilizazio nazionala deitu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Borrokak ez du etenik, amnistia osoa! lemapean, AAEAMeko kideek duela egun batzuk egin zuten 18:00etan Errekoleten plazan elkartzeko eta Iruñeko kaleak hartzeko deialdia.

Dena den, atzo jakinarazi zutenez, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak debekua ezarri dio manifestazioari. Horretarako, argudiatu du "komunikazioa epez kanpo" egin dela eta ez dela larrialdi egoera bat. "Debekua jaso duen pertsonak" gaur bertan "jakinaraziko die debekatzaileei mobilizazioa deitzeari uko egiten diola". AAEAMek, ordea, "lekukoa hartu" eta adierazi du larunbaterako "deialdiari eusten" diola. Hortaz, "manifestazioarekin aurrera jarraituko duela" dio.

Gobernuaren ordezkaritzak erabilitako argudioak "aitzakia" baino ez direla salatu du: "Aitzakia diogu manifestazioen debekuak etengabeak direlako Nafarroan, hauek faxistek deituak ez direnean. Patxi Ruizen egoera salatzeko manifestazio bat debekatu zuten Iruñean, maiatzean, larrialdi sanitarioaren aitzakiapean".

"Azken hilabeteetan eta pandemiaren testuinguruan, benetako salbuespen egoera" baten aurrean egon garela azaldu dute AAEAMeko kideek, eta hala, "eskubide politiko oinarrizkoenak bertan behera" utzi dituztela. "Burgesiak oposiziorik gabe zapaltzaile lanetan aritzeko aukera izan du tarte honetan", gaineratu dute. Debeku berri honen aurrean, baina, larunbatean Errekoleten plazara bertaratzeko deia egin dute berriro.