AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ibaetako manifestazioa, gaur. Argazkia: UIB
2020/11/25 11:57

GUETek, Arrakalak, Akelarrek, Lorratzek eta Bilboko Unibertsitateko Emakume Taldeen Koordinadorak modu bateratuan antolatu dituzte azaroaren 25eko mobilizazioak Hego Euskal Herriko campusetan. Indarkeria matxistaren aurrean, emakume langileon antolakuntza lelotzat hartuta, ehunka ikasle langilek egin dute bat Gasteizen (Araba), Donostian (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa), Bilbon (Bizkaia) nahiz Leioan (Bizkaia). Ibaetako campusean, EHUko garbitzaileak ere batu dira manifestaziora.


Mobilizazioez gain, hitzaldi eta solasaldiak ere izan dituzte azken egunetan, "indarkeria matxista ulertzeko hainbat gako" lantzeko. Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) ere bat egin zuen deialdiekin, besteak beste, EHUko garbitzaileek jasaten duten "biolentzia ekonomiko gordina" eta unibertsitateek ustez erasoei aurre egiteko martxan dituzten protokoloek dituzten gabeziak nabarmenduz.


Bestalde, goizean zehar ehunka ikaslek egin dute bat Ikasle Abertzaleakek tokian toki egindako deialdiekin, eta mobilizaziora jo dute Bizitza biolentoen aurrean, ikasle antolakuntza lemapean.

ITAIAREN MOBILIZAZIOAK


Arratsalderako, berriz, Itaia Emakume Sozialisten Antolakundeak antolatu ditu mobilizazioak hiriburu eta eskualde ugaritan. Besteak beste, gogora ekarri dute "indarkeria matxistaren bitartez, kapitalak ekonomikoki debaluatua dagoen subjektu zapaldua mantentzea eta hori arau kultural bilakatzea" lortzen dutela, eta beraz, ohartarazi dute "arau kultural matxistak betetzen duen funtzioa identifikatu eta errotik desagerrarazi" beharra dagoela indarkeria matxista amaitzeko.


Donostian, Tolosan, Ordizian, Bergaran, Azpeitian (Gipuzkoa), Bilbon, Gernika, Lekeition (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Iruñean nahiz Lizarran (Nafarroa) egingo dituzte protestak. Ipar Euskal Herriko Itaiak, berriz, 18:30ean Baionako Errepublika plazan egitekoa den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du.


IRUÑEAN, OZTOPO GEHIAGO


Iruñerriko Itaiak salatu du, gainera, mobilizaziorako neurri murriztaile berriak jakinarazi zizkiela Espainiako Gobernuaren Delegaritzak atzo: manifestazioa gehienez 212 pertsonakoa izan behar dela agindu die. Halako mugen beste kasu bat gehiago dela adierazi dute, haien izaera "autoritarioa" salatzearekin batera. "Gizartearen berrantolaketa ekonomiko eta kultural honen baitan neurri murriztaile eta autoritarioak etengabe ezartzen ari dira, biolentziarako testuinguruak areagotuz eta emakume langilea, konkretuki, sozialki zein politikoki baztertuz".