AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Sinadura bilketa
2019/04/30 09:59

Unibertsitateko Indar Batasunak astelehenean amaitu zuen 12.2 artikulua aldatzea eskatzeko abiatutako sinadura bilketa. Atzo, asteartea, EHUko hiru campusetan mobilizazioak izan ziren, eta kalera atera zuten ikasleek 12.2 artikuluaren aurkako aldarria. Gainera, UIBko kideek jakinarazi dute 7.000 ikasle baino gehiagoren sinadurak lortu dituztela kanpainan, eta eskerrak eman dizkiete sinatu duten guztiei, adierazitako "babes eta indarragatik". Sinaduren kopuruak eta ikasleriaren babesak 12.2 artikulua baliogabetzeko beharra argi erakusten dutela diote.

Gaur egun EHUn indarrean dagoen ebaluazio arautegiak, eta zehazki, 12.2 artikuluak, "ikasleen ikasketa prozesua erabat oztopatzen duela" dio UIBk. Izan ere, artikuluaren arabera, ebaluazio jarraietan, azterketa deialdiari uko egin nahi dioten ikasleek, irakaskuntza aldia bukatu baino hilabete lehenago erabaki behar dute, hori baita araudiak erabakia jakinarazteko ematen dien epe muga. "Ebaluazio arautegiaren bitartez, etorkizuneko lanpostuan ikasleok izan beharko dugun lan kultura barneratzen dugu. Era berean, ikasleriaren ondoeza eta frustrazioa ekartzen ditu", azaldu dute UIBko kideek.

Errektoretza, interpelatua

Horregatik, ikasleen interesei erantzungo dien ebaluazio batera bidean, 12.2 artikulua bertan behera geratzearen garrantzia azpimarratu du UIBk. Bide horretan, eta "ikasleriarentzat beharrezkoa den baldintza" delakoan, gaiak duen "garrantziaren eta urgentziaren arabera" jokatu dezan eskatu diote ikasleek Errektoretzari. Bestalde, Graduko Batzordeko kide diren ikasleei zein irakasleei eskatu diete 12.2 artikulua bertan behera uztearen aldeko hautua hartzeko.

Ikasleen babesaz gain, UIBk esker ona adierazi die ikasleriaren baldintzak hobetzeko borroka hau babestu duten irakasle, garbitzaile, kafetegietako langile zein unibertsitateko beste hainbat langile sektoreri.