AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Langileok Haustura Politikoa
2020/03/04 09:54

Espainiako Polizia Armatuak 1976. urteko martxoaren 3an erail zituen bost behargin Gasteizen (Araba), greba orokor baten testuinguruan. Milaka langile Zaramaga auzoko eliza batean bilduta zeudela, gunea bortizki hustu eta haien aurka oldartu zen Polizia, tiroka. Ehundik gora langile izan ziren zaurituak, eta haietako bost, erailak.

Atzo, martxoak 3, duela 44 urte hil zituzten beharginak oroitu zituzten Arabako hiriburuko kaleetan. Manifestazio orokorraren aurretik, 18:00etan, Langileok Haustura Politikoa dinamikak deitutako zutabea irten zen Rafa plazatik. Hala, "klase batasuna" aldarrikatu zuten ehunka pertsonak, "martxoaren 3ko sugarra berpizteko", "langile independentziaren" aldeko borrokari azpimarra jarriz.

Elkartasunetik, klase batasunera lelopean, Zaramagako Martxoak 3 plazan batu zen zutabea manifestazio orokorrera. 18:30ean omenaldia izan zen langileen oroigarrian, eta 19:00etan hasi zen mobilizazioa. Beste behin, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Pedro Maria Martinez eta Bienvenido Peredaren aurpegiak manifestazioaren buruan, memoria galdegin eta "justizia" eskatu zuten milaka pertsonak.

Foruen plazan amaitu zen ibilbidea, eta "herriak ez du barkatuko" oihuak izan ziren nagusi.

Gu hiltzen jarraitzen duzue

Gu hiltzen jarraitzen duzue. Hala zioen mobilizazioaren aurrean eraman zuten pankartak. Martxoak 3 elkarteak atzo adierazi zuen "justizia soziala, elkartasuna eta askatasuna" izan zirela 1976. urtean altxatu ziren langileen "ardatzak", "eta gaur, atzo bezala, oso presente izan behar ditugula". "Gauza asko gertatu dira 44 urte hauetan, baina errealitate batzuk ez dira aldatzen", gaineratu zuten elkarteko kideek.

Elkartasunetik, klase batasunera

Langileok Haustura Politikoa dinamikak aurreko astean eman zion hasiera Elkartasunetik, klase batasunera egitarauari, martxoaren 3aren eta 8aren harira. Hilaren 2an egindako omenaldiaren eta atzoko blokearen ostean, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari lotutako ekimenei helduko diete Arabako hiriburuan.

Biharko, martxoak 5, Emakume langilearen ahalduntze politikoaz tailer ez-mistoa antolatu dute. Amaia zentroan izango da, 17:00etan. Larunbatean, martxoak 7, Antolakuntzan datza iraultza hitzaldia emango dute Itaiako kideek, 11:00etan Aldabe Gizarte Etxean.


Argazkiak: GEDAR, Langileok Haustura Politikoa, Gasteiz Hoy, Martxoak 3 elkartea

EZ DAGO IRUZKINIK