AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Hernaniko Gazte Asanblada
2019/11/18 16:19

Pasa den larunbatean, hilak 16, agerraldia egin zuten Hernaniko Gazte Asanbladako kideek, Hernaniko (Gipuzkoa) Kontrakantxa gaztetxearen urteurreneko egitaraua aurkezteko. Abenduan beteko ditu 13 urte Kontrakantxak. Hala, eskaintza zabala prestatu dute, "aurtengo helburuei erantzuteko" asmoz.

Abenduaren 5ean hasita, abenduaren 14ra arte luzatuko dute ospakizun astea. "Aurten abiatutako dinamika eta borroka ezberdinak herriratzeko" helburuz, asanbladaren lana ezagutarazi nahi dute, baita "antolatzearen beharra azpimarratu" ere, "gazte problematikaren esparru ezberdinei erantzun" ahal izateko. Ekimen desberdinekin, "belaunaldi ezberdinen arteko harremanak ahalbideratzeko espazioak sortzea" ere badute ipar, "gaztetxetik pasatutako belaunaldien oinordekotza bermatzeko, eta belaunaldi berriei ateak irekitzen hasteko".

13 urte atzera

2006. urteko abenduan birjabetu zuten etorkizunean Kontrakantxa gaztetxea izango zen eraikina, eta ordutik jardun du bertan lanean Hernaniko Gazte Asanbladak. "Azken urteetan gazte asanbladak zein gaztetxeak izandako garapena" azpimarratu dute gazteek, baita "oinarriek berdinak izaten jarraitzen dutela" adierazi ere.

"Autogestioaren ideian" berretsi dira asanbladako kideak: "Gure beharrak gure ekinbidez asetzea beharrezkoa zaigu zapaltzen gaituen sistemaren aurrean". Hala, "elkartasunean oinarritutako harreman eredu berri baten aldarria" egiten jarraitzen dute. Kronika atarian azaldu zuten modura, "gaztetxeak jarraitzen du gure bizitzak nahi bezala antolatu ahal izateko ekarpena egiten, oinarrizko beharrak asetzeko baliabideak ematetik, aisialdia antolatzeraino".

Egitarau oparoa

Hona hemen 13. urteurrenaren harira Kontrakantxan antolatu duten egitaraua, osorik:

  • Abenduak 5, osteguna. Pintxo-potea eta Hilerokoa-ren (asanbladaren hilabetekaria) ale berriaren aurkezpena. Ondoren, bertso-afaria Aitor Bizkarra, Eñaut Martikorena eta Maider Arregirekin.
  • Abenduak 8, igandea. Mendi-martxa Adarrara eta bazkaria.
  • Abenduak 11, asteazkena. Auzolana.
  • Abenduak 12, osteguna. Pintxo-potea eta argazki erakusketa.
  • Abenduak 13, ostirala. Hitzaldia Etxebizitza Sindikatuaren eskutik. Ondoren, jantoki soziala eta Erroka taldearen kontzertua.
  • Abenduak 14, larunbata. Gaztetxea kalera ekimena, herri bazkaria, elektrotxaranga eta festa gaztetxean (kontzertuak eta DJa).