"Kolpe bat hamarren artean leunagoa da bakarka jasota baino"

Zumaiako Siemens Guascorreko langile den Esteban Letamendiarekin hitz egin dugu, bertako hamar kideren kaleratzea eta beharginek abiatutako borroka prozesua puri-purian den honetan. Krisi testuinguruan "langileen arteko elkartasuna" eta "borrokaren beharrizana" ekarri ditu gogora.
Argazki Nagusia
Esteban Letamendia uztailaren 30eko geldialdian. Argazkia: GEDAR
2020ko uztailaren 30a

Siemens Guascorreko zuzendaritzak duela egun batzuk Zumaiako (Gipuzkoa) lantegitik hainbat langile kaleratzeko asmoa iragarri zion enpresa batzordeari. Orain dela gutxi arte beharginek erabateko ziurgabetasuna bizi izan dute, ez baitzekiten kaleratzeen kopuru zehatza, ezta noiz gauzatuko ziren ere. Enpresa batzordeak uztailaren 28an azaldu zuenez, kopuru zehatzaren jakinaren gainean daude jada. Antza denez, hamar langile kanporatuko dituzte, eta zuzendaritzak aste honetan jakinaraziko die kaleratuak izango direla.


Ezer baino lehen, deskribatuko zenuke lantegiko egoera pandemiaren aurretik eta ondoren? Zer nolako lan-baldintzak topa ditzake Guascorren lanean hasten den edonork?


Nire iritziz, lana bera baino, antolakuntza da gaitza. Antolakuntzak kale egiten duenean akatsa edonon topa daiteke. Betiere langilea dagoen tokian nabarmentzen da, bertan ikusten baita. Baina akatsak goitik datoz, antolakuntzaren arabera: pertsonal aldetik, ordenagailuen bidez, erosketei lotuta… akats mordo bat. Agian sistema informatiko berria jarri dutelako izango da, baina nire ustez pertsonen akatsa da. Dena da ordenagailua, e-posta… eta nik ez dut hori ezagutzen, nik beti pertsonen arteko harremana ezagutu izan dut, hitzez. Lehen askoz gehiago hitz egiten zen langileen artean, eta orain horren falta sumatzen da. Gero, horrelako kaleratzeen aurrean, ez dago elkartasunik.


Zuzeneko langileak 50 diren bitartean, zeharkakoak horren bikoitza dira. Gure enpresa oso espezializatua da, eta lan berezia egiten dugu: neurrira egindako jantziak. Bestela, ez dugu lehiakortasunik, lehian dagoen beste enpresak 10.000 langile baititu. Hainbeste langilek motorrak txurroak izango balira bezalaxe egiten dituzte, bata bestearen atzetik. Guk ez ditugu seriean egiten, eskari esklusibo bakoitzari egokituz baizik.


Noiz eta nola izan duzue enpresaren asmoen berri?


Lehenik eta behin, ez zuten kaleratzeen inguruan argi eta garbi hitz egin. Enpresaren egoera batere ona ez zela adierazi ziguten, eta "neurriak" hartu behar zituztela. Ez zuten aipatu kaleratzeak izango zirenik. Gero zazpi edo zortzi neurri zerrendatu zituzten, eta azkenengoak pertsonalarekin zerikusia zuela zioen. Denborak aurrera egin ahala, joan den asteko bileran, garbi esan zuten: hamar kaleratze izango dira. Ez zuten zehaztu nortzuk izango ziren, ezta zein arlotatik hautatuko zituzten ere. Joan den ostiralean txosten bat eman ziguten kaleratzeen arrazoiak justifikatzeko, eta negoziatzeko aukerarik ba ote zen galdetu genienean, zera esan ziguten: "Dosierrean duzue behar duzuen informazio guztia". Hortik aurrera, salatzeko eta guk geuk ikusteko esan ziguten.


Azpijokoak salatu dituzue enpresaren partetik. Zein da Siemensek zuekin izan duen jarrera zehazki?


Oso hotzak dira. Helburu bat baldin badute, argi eta garbi doaz horren bila, ondorioetan pentsatu gabe. Kaleratzeak egin ahala, akzioak begiratu eta gora egiten dutela ikus daiteke. Ene, begira zer dioen ekonomiak: ona dela jendea kaleratzea eta lantegiak ixtea, burtsak aurrera jarrai dezan. Hau da mundu txerria! Ez du inporta gizakiak, diruak baizik.


Zuzendaritzaren helburua da gu bananduta egotea, eta horretarako zer egiten du? Errazena: informaziorik ez eman, beretzat bidea libre gera dadin. Karnata berari komeni zaionean baino ez du botatzen. Haiei ez zaie inporta eskatzen ari zarena legeen baitan dagoen ala ez, tentsatu egin behar diezu. Hala, behartu egiten zaituzte zeure kabuz informatzeko esfortzua egitera. Hori batzordeari eta langileei adarra jotzea da: "Ni naiz indartsua, eta zuk nik diodana egin behar duzu". Edozein arazo dela ere, ez dizute inola ere konpontzen.


Ostiral hartako bileran, adibidez, hamar kaleratu izango zirela esan zigutenean, sekulako azalpenak ematen hasi ziren: dirua gora eta dirua behera… Niri dagoeneko barrenak min egiten zidanez, honakoa esan nien: Guascorren aspalditik nominak egitea munduko gauzarik errazena izan da, akatsik behar ez lukeena. Ba, hori ere gaizki egiten baduzue, nola fidatu behar gara tailer honen ekonomia ongi daramazuela? Nomina gaizki egiten duzue eta! Giza baliabideetakoak zuzendaritzari begiratu zion, eta esan zidan: "Hori ez dugu guk egiten, beste enpresa batek egiten du". Niri hori ez zait axola, beraiek arduratu behar dute horretaz. Zailtasun ekonomikoak daudela? Baliteke, ez dut zertan zalantzan jarri. Baina ez diezagutela adarrik jo. Tratatu gaitzatela pertsonak bezala, albiste txarrak eman behar badizkigute ere. Kaleratuen zerrenda, adibidez, badakigu zein den, baina ez da gure lana hori adieraztea. Guk nola esango dugu ba hori? Langileak gara eta! Eskuak garbitu eta enpresaren antolakuntza-ardurak nahi dituzte jarri gure gain.


Mobilizazioei ekin diezue jada, eta horiek areagotu egingo dituzuela iragarri duzue. Zertan oinarrituko da gatazkaren intentsifikazioa?


Oraingoz egunean bi orduko geldialdiak egiten ari gara, eta hori abuztuaren 4an amaituko da. Abuztuaren 24an lanera itzuliko gara, eta hila amaitu arte lau orduko geldialdiak egingo ditugu egunean. Gero, behin irailean sartuta, lehen eta bigarren astean bina ordu egingo ditugu egunean, hirugarren astean hiru ordu, eta azken astean, berriz, lau ordu. Hori da une honetan egin dugun egutegia. Gauza da, egia esan, gure zainetan odolik ez badago, ez garela horra iritsiko. Nahi nuke egoerari buelta emango bagenio.


Badakigu arazoa ez dela konponduko. Baina bidegabeko kaleratze gisa aitortu ditzatela behintzat. Izan ere, ez dute hala aitortu nahi, "arrazoi ekonomiko eta produktiboekin" justifikatu nahi dituzte. Horrek kaleratutako langileei gaur egun indarrean dagoen lan-erreformarekin uzten dizkien baldintzak negargarriak dira. Euren arazoa dirua dela diote; ba, gurea, lana da. Orduan, kaleratzeak egin nahi badituzte, gu ahalik eta min gehien ematen saiatu beharko gara. Hori da nire irakurketa.


Jendeak zer nahiko duen? Zaila da esatea. Behin gutuna aurrean jartzen dizutenean nola erantzungo duzun jakitea zaila da. Niri ez zait egokitu behin ere, beraz, ez dakit. Besteek zer egingo duten ere ez. Jakin dakidana da laguntza beharko dutela, eta ea uneoro beraiekin egon eta laguntzeko gai garen. Gure ardura, langile garen heinean, protesta egitea da. Ez dago besterik, ni agian eskola zaharrekoa izango naiz, baina gurea hauxe da: aldarrikatu, aldarrikatu eta aldarrikatu.


Gaur egun ez dugu beste tresnarik, gauzak oso zail daude: erreforma berria ezartzen dizute, eta dena gainera datorkizu. Ekonomia ere beraiek mugitzen dute, eta gu oso lotuta gaude. Sindikalismoa, berriz, lur jota dago, eta jendeak ez du batere sinesmenik. Orduan, jendeak bizkar ematen dio langile borrokari, eta enpresen alde jartzen da... Baina gero, berdin-berdin jasoko dute egurra. Egoera hori mugitzea oso zaila da, gainera, esperientziek ez omen dute balio, hemen bakoitzak bere zilborrari begiratzen dio. Indibidualki hitz egiten dugu, eta ez taldean. Hori da bekatua.


Nola ikusten da Agoizko egoera Zumaiatik?


Egia esan, hemendik ez dugu batere hitz egin Agoizkoekin. Talde berekoak izan arren, ez dugu harremanik haiekin. Siemens izango dira, Gamesa izango dira, baina ez dugu sekula kontakturik izan. Gainera, haiena askoz egoera okerragoa da, enpresa itxi egin behar baitute. Ehunka langile daude bertan, eta ez horiek bakarrik, haien familiak ere jokoan daude. Gure enpresa Siemensen baitan dagoen arren, bulego desberdinak ditugu, ez dute zerikusirik batak bestearekin. Denok matrize bat dugu amankomunean, Madrilen, Alemanian, ala beste nonbait. Baina ez dugu harremanik lanerako ere.


Zein tresna uste duzu izango direla eraginkorrenak desmobilizatzeko saiakerei aurre egiteko eta Siemens negoziatzera behartzeko?


Siemensek erabaki bat hartu ostean esan du: "Datorren urterako 900.000 euro aurreztu behar ditut, langileak kenduta". Bai ala bai eramango dute aurrera. Horren aurka zer egin dezakegu? Protesta. Baina garbi daukate ez dagoela konponbide posiblerik. Ekonomia horrela da, zoritxarrez. Jendea behar badute, gehiago ekoitziko duten behin-behineko langileak hartuko dituzte kostu baxuan, eta kitto. Horra eurek ikusten duten konponbide bakarra. Gainera, baditu tresnak hori defendatzeko: abokatu onenak, papel mordoa... Guztia enpresaburua estaltzeko.


Guk ere legea ezagutzen dugu, ordea, eta aurtengo ekoizpen-plana oraindik gauzatu ez denez, gogorarazten dugu kontuak oraindik ez dituztela guztiz osatuta. Lehengo urtekoak erakutsi behar lituzkete, eta horiek ez dute galerarik erakusten. Hori horrela, ezin dituzu langileak "arrazoi ekonomikoak" argudiatuta kaleratu. Ondorioz, aspektu hori da legearen aurrean arrazoia ematen diguna. Gero, noraino hel daitekeen epaitegietan? Ba litekeena da arrazoia izan arren pikutara bidaltzea. Baina, hala eta guztiz ere, gure lana saiatzea da, borrokara joatea. Gero irabazi ala gal dezakegu, baina borrokara joan egin behar da. Talde moduan heldu behar zaio, ez banaka. Banakatuz gero, enpresarentzat lan egiten ari zara.


Teilatu beraren azpian gauden guztiok nola edo hala defendatzea da kontua. Urtearen amaieran langile bakarra faltako balitzaigu ere, galtzen ari garela pentsatu eta horretaz arduratu beharko genuke. Kolpe bat hamarren artean leunagoa da bakarka jasota baino. Pena da, baina hori gaur egun nagusitu den kontzientziarekin ez da onartzen.