[Kronika] Langileriaren hezkuntza ernaldu da Leioan

2019ko otsailak 26, asteartea, ez zen ohiko goiza izan Leioako Campusean. Euren lan indarra merkatu kapitalistan saltzeko prestatua izan dadin milaka ikasle klasera joaten diren egun ohikoekin ez baitzuen zerikusirik izan hartakoak.
Argazki Nagusia
Argazkia: @HUnibertsitatea
2019ko martxoaren 3a

Goiz-goizetik ikasle andana campusaren alde batetik bestera pankartak jartzen, infogunea muntatzen, otorduak prestatzen eta gainerako prestaketa lanetan. Egutegian gorriz markaturiko bi egun zituzten aurretik. Herri Unibertsitate Nazionalean hilabetetako prestaketa lanaz gain, azken urteotan talde-kritiko eta eskola kolektiboen baitan garatzen ari den filosofia irudikatzea eta sendotzea izan baitzuten helburu ikasle mugimenduko kideek. Akademia ofizialean jasotzen ez diren edukiak aurkeztea baino, langile estrategia iraultzailea gorpuztuko duen edukia ekoiztea: langileriaren hezkuntza eraikitzea posible dela bi egunez azaleratzea.

Leku kuttun eta berezia da Leioako Campusa Herri Unibertsitatearentzat, bertan ospatu baitzen lehenengoz Herri Unibertsitatea. Esperimentu gisa jaio zena gorpuztuz eta sendotzen joan da, egun estrategia orokorrago baten barnean kokatzen delarik. Pasa den astean ospatu zen Herri Unibertsitate lokalak sei urte bete bazituen, egunotan ospatu den nazionalak bere hirugarren urteurrena izan du aurtengoan. Urtez urte aurrerapauso kualitatiboak ematen direnaren seinale izan da aurtengo egitaraua, bertako hizlari zein kanpotik etorritakoekin. Gaiak ere askotarikoak, egungo eta etorkizuneko estrategia jorratzeko bezain beharrezkoak: faxismoaren gorakada, gazte estrategia, lan erregimena, errebisionismoaren bilakaera historikoa, genero auzia, autodefentsa adierazpen ezberdinak eta abar luze bat.

Lehen eguna

Leioako ikasleak prestaketa lanetan aritu bitartean, gainerako campusetako ikasleak zein langile mugimenduko kide anitz Leioara iristen ari ziren. Arte Ederretako fakultatean guztiei ongi etorria eman ondoren lehen hitzaldi blokeari gogotsu ekin zioten ikasleek, ikasgela zein auditorio ezberdinak lepo beteta zeudelarik. Alde batetik, Itaiako kideek genero auziaren hausnarketa teoriko-politikoa izan zuten hizpide; bestetik, Carlos Prieto del Campo, New Left Review aldizkariko editoreetako batek, klase eta nazio bloke antisistemiko berriak aztertu zituen espainiar Estatuaren baitan. Azkenik, Jon Kortazar historialariaren eskutik faxismoaren bilakaera historikoari heltzeko aukera egon zen. Faxismoa aztertu duten eskola ezberdinen errepasoa egin ondoren, egungo faxismoaren klase zein deskripzio ideologiko bat egin zuen Kortazarrek. Bere hitzetan, egungo faxismoaren ulerkera errazetik at, bertaratutakoak “etorri zirenekin baino zalantza gehiagorekin ateratzea” helburu.

Gedar langile kazeta sortu berriko kideok ere izan genuen gure proiektua Herri Unibertsitatearen markoan aurkezteko aukera. “Langile klasearen egia antolatzera dator Gedar”, azaldu zuen langile kazetako kideetako batek. Gedar komunikabide soiletik harago, informazio hutsa transmititzetik harago, langile klasearen emantzipazio estrategian mugarri izatea helburu duen proiektua baita. Beraz, hezkuntza eta komunikazioa, beren bideak uztarturik langile estrategia marrazten aritu ziren Herri Unibertsitatean.

Bazkal orduan indarrak hartu ondoren, arrats partean beste bi hitzaldi bloke prest ziren. Bloke honetan bereziki jendetsua izan zen errebisionismoaren bilakaera historikoa hizpide zuen hitzaldia. Bertan, errebisionismoak marxismoaz nahiz metodo dialektikoaz egindako deformazioa azaldu eta marxismo proletarioaren beharra azpimarratu zen, iraultzaren mistifikazio eta errefusatzea alde batera utziz, hau gauzagarria dela azpimarratuz. Arrats berean, emakumeen autodefentsa, hezkuntza eta gazte estrategia ere izan ziren hizpide.

Afal ondoren gozatzeko tartea ere izan zuten ikasleek. Herri Unibertsitateko ekitaldi nagusian langileriaren hezkuntzaren eraikuntzan konpromisoa adierazi ostean, bertsoez eta ipuin kontalari musikatuaz gozatzeko aukera izan baitzuten ikasleek. Horrela, teoria iraultzailez eta eztabaidez osatutako egun oparo bati amaiera eman zioten.

HerriUniKronika2.jpg


Bigarren eguna

Egunsentiarekin bat, ikasleek gogotsu ekin zioten goizeko lehen hitzaldi blokeari. Bertan, nazioa eta nazio zapalkuntza estrategia proletarioaren baitan aztertzeko aukera izan zen. Baita lan munduaz eta fordismotik postfordismora honetan izandako aldaketez aritzeko aukera ere. Azkenik, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko irakasle eta ekonomialari Xabier Arrizabaloren eskutik ekonomia kapitalista globalaren egiturak izan zituzten hizpide.

Kartzeletan dauden euskal preso politiko eta errefuxiatuekiko elkartasunak ere izan zuen lekua Herri Unibertsitatean. Hilabeteko azken asteazkenero lez, presoen aldeko PREST taldeak kontzentrazio berezia deitua zuen egun honetarako, Herri Unibertsitatea probestuz. Ikasle mordoa bildu zen Zientzietako fakultate parean errepidea moztuz eta euskal preso politikoentzat amnistia osoa aldarrikatuz.

Honen ondoren, eta Herri Unibertsitateari amaiera emateko, azken hitzaldi blokean ETAko militante izandako Emilio Lopez Adan “Beltza” izan zen 70. eta 80. hamarkadetan ETA zein ENAM barruan izandako antolakuntza eztabaida eta teoriko-politiko nagusien nondik norakoak azaltzen. Eztabaida politiko hutsetik harago, ENAM-en historiaren inguruko kritika etiko-moral bat egiten ere saiatu zen. “Beltza”-k, ikasle mugimenduan zein haratago ernaltzen ari diren militante belaunaldi berriei etika iraultzailearen inguruko hausnarketa oinordetzan utzi nahi izan zien.

Horrela, eta bazkal ostean elkarlanean muntaia guztia jaso ondoren, ikasleek amaiera eman zioten 2019ko Herri Unibertsitate Nazionalari. Eztabaida anitz eta emankorrak, etorkizuneko praxian ondorioak izango dituztelakoan. Bi egunez frogatu da, beste behin, merkatuaren zirkuitutik at eraiki daitekeen hezkuntza egon badela, eta honen eraikuntza martxan dela: ernaldu zen eta ernaltzen jarraituko du langileon mesedetarako hezkuntzak.