AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Teknomers
2022/12/20 12:25

Greba masiboak izaten ari dira eta izango dira Erresuma Batuan, eta langileen protestaz betetako urte bukaera bat datorrela dirudi. Besteak beste, borrokan ari dira trenetako gidariak, autobusetako gidariak, irakaskuntzako langileak, posta-zerbitzuko beharginak, erizainak, anbulantzietako gidariak nahiz aduanetako agenteak. Aldarri bat da nagusi sektore horietan guztietan: soldata-igoerak eskatzen dituzte, inflazioaren gorakadari lotutako bizitzaren garestitzeari aurre egiteko. Joan den urrian %11ra heldu zen inflazioa Erresuma Batuan, azken 41 urteetan erregistratu den mailarik altuena.

Momentuz, gobernuak uko egin dio sektore publikoko beharginen soldatak igotzeari. Rishi Sunak Lehen Ministroaren esanetan, "ordainezinak" dira igoera horiek. Finantza ministro Jeremy Huntek dio "guztion mina luzatuko" lukeela langileen soldatak KPIaren arabera igotzeak. Badirudi, gainera, "gakoak" diren sektoreetan greba deialdiak egin ahal izatea zaildu nahi duela gobernuak; esaterako, garraioan. Urriaren amaieran, sektore horretako gutxieneko zerbitzuak arautzeko lege bat aurkeztu zuen gobernuak; zurrumurruen arabera, larrialdi-zerbitzuei begirako araudi bat ere prestatu nahi du, beharginen lanuzteetan aplikatzeko.

Ez da hori izan greba masiboen aurrean gobernuak egindako mugimendu bakarra: antza, 1.200 militar eta milaka funtzionario mobilizatuko ditu orain, grebalarien greba eskubidea urratu eta haien postuak bete ditzaten. Badirudi, antza, anbulantzietako gidarien eta aduanetako agenteen postuak beteko dituztela militarrek eta bestelako funtzionarioek.

Alderdi Laboristak ere babestu du neurri hori, The National atariak jaso duenez. Armada mugitzeko neurriari dagokionez, "beste irtenbiderik" ez dela egon adierazi du Stephen Kinnock parlamentari laboristak. Sindikatuek "bidezkoak eta zentzuzkoak" izan beharko luketela esan du, baita greba deialdiak bertan behera utzi beharko lituzketela ere, "jendeari arnasa emateko".

EZ DAGO IRUZKINIK