Langileek protesta egin dute Miarritzeko Dassault enpresan, zuzendaritzak soldaten inguruan hitz egiteko egunean

Azaroaren 23an egin zituen zuzendaritzak bilkurak, besteak beste, soldataren gaia aipatzeko. Egun horretako goizean bertan batu ziren langileak protesta egiteko, lantegiko sarrerak itxiz.
Argazki Nagusia
2021eko azaroaren 26a

Miarritzen (Lapurdi) kokatua den Dassault hegazkingintza enpresako langileek 200 euroko emendaketa eskatzen dute gutxieneko soldatentzako. Azken bi urteetan, %0,5eko goratzea baino ez da lortu.

Enpresako zuzendaritzak azaroaren 23an zuen urtero derrigorrez egin behar duen bilkura, eta egun horretako goiza baliatu zuten 200 beharginek enpresako sarrera blokeatzeko.

Langileen ordezkariek salatzen dutenez, urteak daramatzate zuzendaritzarekin gatazkan. Parisen kokatua den enpresako buruak, hain zuzen, tokian tokiko zuzendaritzaren soldatak igotzea onartu du, baina ez du berdina egin langileen soldatekin.

Zuzendaritzaren hurrengo bilkura abenduaren 1ean izanen da, eta bitartean, ekintza gehiago egingo dituztela iragarri dute langileek.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik