AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/07/10 10:25

Ikasturtea amaituta, konfinamendu garaian hasita egindako lana aztertu eta "irakaspen politikoak" ezagutzera eman ditu Ikasleon Gasteizko Autodefentsa Sareak. Alarma egoera eta konfinamendua ezarri zirenean, "hezkuntza prozesuan" ikasleek "aldaketak" jasan zituztela azaldu dute IGASeko kideek: "Aldaketa horiek ekarri dituzten ikas baldintzen okertze orokorra borrokatzera begira, beharrezkoa ikusi genuen egoera honi batasunez aurre egitea".

LAU ALDARRIKAPENAK

Inkesta baten bidez, 800 ikasle baino gehiagoren ahotsak jaso zituzten lehenengo. Gero, erantzunak aztertu eta egoerak "ikasleongan eragindako arazo eta kezkak" atera zituzten argitara. Ikasleek bizi zuten egoeraren analisi horretatik, gainera, lau aldarrikapen zehatz aurkeztu zituen IGASek: lan kargaren berehalako murrizketa, epemugak malgutzea, ordutegi eta egutegiak errespetatzea eta eskola presentzialetara ez itzultzea.

Ikasleek Arabako hiriburuko hainbat ikastetxetara helarazi zituzten lau eskakizunak, eta bilera bat eskatu zieten zuzendaritzei, "aldarrikapenen inguruan hitz egiteko".

GARAIPENA HIRU IKASTETXETAN

IGASek hiru ikastetxetan lortu du lau aldarrikapenak "betetzeko bermeak jartzea, baita horretarako protokoloak adostea ere". "Garaipen hauek ikasleon interesen defentsaren bidean aurrerapauso bat bezala identifikatzen ditugu".

Dena den, beste ikastetxe batzuetako zuzendaritzek jarritako "trabak ugariak izan dira", IGASeko kideen esanetan: "Ikasleen egoera hobetzeko prestutasun eza adierazi dute eta, kasu konkretu batzuetan, ez dugu ezta erantzunik jaso". Jarrerok "ikasle langileon lan politiko eta sindikalaren ukapen orokortuaren adibide" modura kokatu dituzte, eta salatu dute "bigarren planoan uzten" dituztela "ikasleriaren beharrak".

EGITURAZKO ARAZOA

Hori, baina, ez dute "zuzendaritza bakoitzaren jarreraren edo pertsonalitatearen araberako ezaugarri gisa" ulertzen autodefentsa sareko kideek, "arazo estruktural" gisa baizik: "Hezkuntza sistemak oinarrian duen klase izaera begiratu behar dugu jarrera hauen zergatia ulertzeko". "Ikasle langileok halako figura autoritarioen existentziara ohitzea da figura hauen funtzioa hezkuntza sistemaren baitan", gaineratu dute.

BARNE MAILAN

Bestalde, "barnera begira" ere hainbat irakaspen atera ditu IGASek; besteak beste, egoerak "antolatzeko gaitasuna asko zaildu duela edota "borrokak abiatzerako orduan oraindik" duen "esperientzia falta". Hala ere, "arazo honi aurre egiteko", beharrezkotzat jo du "langile klaseko ikasleriaren defentsa eraginkor baterako propioak diren antolakuntza formetan sakontzea eta hauek garatzen jarraitzea".

"Positiboki baloratzen dugu azken hilabeteetako jardunak utzitakoa, esperientzia irabazteaz gain, ikas baldintzen hobekuntza lortzeari begira aurrerapausoak eman direlako hainbat hezigunetan, diote sareko kideek.