AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/11 08:56

Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, martxan jarraitzen du eskualdeko Langile Boteretze Eskolak. Saio berri bat prestatu dute Buruntzaldeko Langile Autodefentsa Sareko kideek datorren ostiralerako, maiatzaren 13rako. Oraingoan, soldatapeko lanean hastean kontuan izan beharreko "gomendio praktiko batzuk" eskainiko dituzte; soldataren inguruan arituko dira lehenengo, eta gomendio horiek emango dituzte gero. 18:30ean hasiko da saioa Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri Kultur Etxean.

Saioa, dena den, ez da aurreneko lan-esperientziak izango dituzten pertsonei soilik egongo bideratuta. "Guretzat ezinbestekoa da, oro har, gure lan-indarra saltzera goazen eta saltzen ari garen momentuan gerta daitezkeen egoera ezberdinak aurreikustea eta horiei aurre egiteko prest egotea; gure burua defendatzeko bitartekoak izatea", azaldu dute Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistako kideek. "Langile Boteretze Eskolak helburu horixe du, hain zuzen: lanean egunero jasaten ditugun zapalkuntzei aurre egiteko baliabide praktikoak eskaintzea".

Aurreko urteko ekainean abiatu zuten Langile Boteretze Eskola, Buruntzaldeko Langile Autodefentsa Sarearen jardunari lotuta. Orduko hartan lan-eremuko biolentziaren inguruko kanpaina batean zegoen murgilduta Autodefentsa Sarea, eta auzi hori landu zuten aurreneko Langile Boteretze Eskolan. Orain, "uda eta horrekin batera udako lanak datozela ikusita", beharrezkotzat jo dute batez ere soldatapeko lanean lehenengo aldiz murgilduko diren pertsonei zenbait bitarteko eskaintzea. Ikasturte honetan jarri dute martxan aholkularitza juridikoa Buruntzaldean, eta horrek ere elikatu du ostiral honetako saioan emango dituzten gomendioen lanketa.

EZ DAGO IRUZKINIK