AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Google Maps
2022/12/01 09:11

Bilboko (Bizkaia) Erakin Aholkularitzan behargin bat kanporatu du zuzendaritzak, BAT sindikatuak azaldu duenez. Hamalau urte baino gehiago egin ditu han lanean, eta "mafia estiloan kaleratu" du enpresak. Langilea konturatu zen enpresak, bat-batean, nominatik murriztu ziola izatez "garraio eta lokomozio plusa" zela-eta jasotzen zuen zenbatekoa, eta nomina aztertu ostean ondorioztatu zuen BATek zer ari zen gertatzen: "administrari laguntzailea" kategoriari zegokion zenbatekoa ari ziren ordaintzen beharginari, administrari-lanak egiten zituen arren. Hori jakitean, sindikatuak hots egingo ziela jakinarazi zien langileak zuzendaritzakoei; enpresako ordezkariaren haserrea piztu zuen horrek.

Erakin Aholkularitzako zuzendaritzarekin harremanetan jarri zen orduan BAT sindikatua, baina "zuzendaritzak ez zuen hitz egin nahi", azken horren esanetan; "beraz, adiskidetze-txartel bat erregistratzen da Eusko Jaurlaritzako Lan Sailean". "Adostasunik gabeko adiskidetze-ekitaldiaren ondoren, enpresak diru-kopuru bat eskaintzen du langileak enpresa utz dezan", azaldu du. Ezezkoa eman zuen beharginak, eta orduan, "bulegoko giltzak emateko" eskatu zion enpresako bazkideetako batek, "langilearekiko konfiantza galdu" zuela esanez.

Orduan hasi zen langilearen aurkako "jazarpen- eta eraispen-kanpaina" enpresaren aldetik: "Whatsapp taldetik aldentzen dute, posta korporatiborako sarbidea aldatzen diote, errespetua galtzen hasten dira lankideen aurrean oihuka, lotsagaldu bat dela esanez 'zuk kaleratua izan nahi duzu', eta abar". Azkenean kaleratu egin zuen zuzendaritzak, "arrazoi objektiboak" zeudela argudiatuta; izan ere, berak egiten zituen lanen zati bat egiteko gai den software bat erosiko zuela azaldu zuen enpresak.

Kanporatua izango zela jakinarazten zion burofaxa jaso aurretik, urteko 20 eguni dagozkien kalte-ordainak ordaindu zizkion enpresak; horixe da kaleratzeetan ordaintzen den gutxienekoa.

EZ DAGO IRUZKINIK