AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/12 12:33

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanbide heziketan jarduten duten irakasleak sinadurak biltzen aritu dira berriki, lanbide heziketako azken legeari ezetz esateko. Martxoaren 31n sartu zen indarrean Espainiako Estatuko Lanbide Heziketaren Antolamendurako eta Integraziorako Lege Organikoa, baina horren ezarpenaren kontra egin dute EAEko ehunka irakaslek: hain zuzen ere, 826 langilek sinatu dute euren desadostasuna erakusteko idatzia (3.162 plaza dira lanbide heziketako ikastetxe integratuetan).

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari entregatu dizkiote sinadura guztiak, "ikasgeletan eta ikastetxeetan lanean ari direnen ahotsa entzun" dadin. Kalitatezko hezkuntza publikoa aldarrikatu dute hala, "ikasleen ikaskuntzan oinarritua, baliabide nahikoekin eta irakasleentzako lan-baldintza duinekin". Helburu horiekin jarraituko dute lanean, lanbide heziketan "ehuntzen hasi" diren sarea indartzeko.

Ikasleak, kaltetuenak

Irakasleek kezka bereziz azpimarratu dute, azken lege-aldaketarekin, derrigorrezkoa izango dela lanbide heziketaren eredu duala. Izan ere, salatu dute "ikasleek ikastetxeetan jasotzen duten curriculum-edukiaren murrizketa nabarmena" ekarriko duela eta "ezinezkoa" dela "ikasle guztientzako enpresa egokiak topatzea".

"Praktiken kudeaketa lan horretarako bideratutako lanordurik gabe egin beharko dute, enpresek ez dute nahikoa baliabide izango ikasleak formakuntza egokiz hartzeko… Zerrendaezinak dira sortzen ari diren eta sortuko diren arazo guztiak", seinalatu dute irakasleek. Eta gaineratu dute "hezkuntzaren kalitatearen jaitsiera nabarmena gehien pairatuko dutenak ikasleak izango direla".

Sistema pribatizatzeko joera

Irakasleen baldintzei dagokienez, seinalatu dute "gero eta lan gehiago" hartu behar dituztela euren gain, "gehienetan irakaskuntzarekin zerikusirik ez dutenak, eta askotan beharrezko baliabiderik gabe". Lege berriarekin, hori "larriagotu" egin dela diote, eta "hezkuntza publikoaren prekarizazioa areagotzen, burokrazia handitzen eta sistema pribatizatzeko joera sakontzen" duela neurriak.

Hain zuzen ere, hala laburbildu dute lanbide heziketa publikoan jasaten ari direna: "Burokrazia gero eta handiagoa, hezkuntzaren funtzioa ikastetxeetatik enpresa-mundura bideratzen hastea, lanbide heziketa publikoaren autonomia eta unibertsaltasunaren galera, eta eduki eta kalitate eskaseko etengabeko birziklatzerako eredua (mikroakreditazioak)".

EZ DAGO IRUZKINIK