AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Europa Press
2022/07/12 10:09

Italiako autoritateek joan den igandean hasi zuten Lampedusako harrera-kanpalekuko milaka pertsona migratzaileen lekualdaketa. Duela gutxi zabaldu dira kanpalekuko hainbat irudi sare sozialen bidez, eta zalaparta sortu du horrek: irudiek migratzaileek jasan behar dituzten osasun-baldintza negargarriak erakutsi dituzte berriz ere, besteak beste, zabor mendiak eta lo egiteko koltxoi zaharrak. Hainbat hedabideren arabera, argazki horien zabalpenak eragin du Lampedusaren hustea bizkortzea.

Igande goizean, 600 pertsona mugitu zituzten Porto Empedoclera, bidaia batean. Bigarren bidaia bat ere egin zuten egun horretan, eta orotara, 1.200 lagun tokialdatu zituzten. Ia 2.000 migratzaile ari omen ziren Lampedusan bizitzen; izatez, ordea, 350 pertsona hartzeko dago prestatuta hango kanpalekua.

Ustez, behin-behinean eraman dituzte migratzaileak Porto Empedoclera, bitartean Lampedusako gunea garbitzeko eta egokitzeko. Izan ere, badirudi aurki helduko dela beste errefuxiatu talde bat hara.

Italiako Barne Ministerioaren arabera, urtea hasi zenetik, 30.000 pertsona inguru mugitu dira Italiara itsasontzi bidez.

EZ DAGO IRUZKINIK