AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/20 10:14

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta kaltetutako bizilagunek salaketa judizial bat aurkeztu dute La Caixa banketxearen aurka, "abusuzko klausulak" ezarri dituelako gutxienez 300 alokairu-kontratutan. Sindikatuko kideek azaldu dutenez, "hilabeteetako borrokaren ostean eta bankuak negoziatzeko izan duen borondate ezaren aurrean" erabaki dute demanda kolektibo batera jotzea eta kasua epaitegira eramatea.

La Caixak zerga-murrizketak eta onura fiskalak lortzen ditu "arrazoizko alokairuak" deiturikoak eskaintzearen truke. Hala ere, sindikatuak salatu duenez, 2008an bankuak berak eta bere inbertsio-sozietateek erositako etxebizitzak dira gerora "alokairu merkeen" bidez eskainitakoak, eta hainbat urtez alokairuan izan ondoren, orain saldu egin nahi dituzte, "merkatu libreko prezioetan edo garestiago". "Alokairuen bitartez errentabilizatu dituzte orain saltzeko", gaitzetsi du.

Kontratuetan maizterrei inposatutako eta sinarazitako abusuen artean nabarmentzen dira, adibidez, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) haiei kobratzea, La Caixan banku-kontu bat irekitzeko betebeharra ezartzea, eta ez-ordaintzeen aseguru bat ordaintzera behartzea. Sindikatuak seinalatu du Euskal Herrian ezagutzen dituen La Caixaren alokairu-kontratu guztiei eragiten dietela klausula horiek; ehunka maizterri, beraz.

Epaia aldekoa bada, "bidegabeko kobrantzak erreklamatzeko" aukera izango dute biktimek. Era berean, sindikatuak azaldu du antzeko kontraturen bat duen edozein pertsonak egin ahal izango duela bat demanda kolektiboarekin, eta hori dela eta, kaltetutako maizter oro animatu du sindikatuarengana jotzera, informatzeko eta bere eskubideen alde borrokatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK