AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Dinamika aurkezteko prentsaurrekoa
2020/07/07 21:33

Azpeitiko (Gipuzkoa) Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak Gazte Koordinadora Sozialistaren Burgesiaren ofentsiba gelditu! dinamikarekin bat egin zuen martxoan. Lanketaren barruan, oinarrizko produktu eta elikagaien bankua aurkeztu zuen hilabete geroago. Sare sozialistako kideek, "egoeraren larritasunaz jabetuta", "langile elkartasuna antolatzeko bide eraginkor bat" jarri nahi izan zuten martxan. Gerora, eskualde mailako dimentsioa hartuko zuen proiektuak: Zestoan (Gipuzkoa) eta Azkoitian (Gipuzkoa) ere egiten du lan bankuak.


Izan ere, oinarrizko beharrak asetzeak "etengabeko garapena" behar duela iritzi dute sare sozialistako kideek. Hori dela eta, "lan boluntarioa indartzea" eta "baliabideak bermatzea" du helburu aurkeztu berri duten dinamikak. "Aurreikusi bezala", langileen egoerak "okerrera" egin duela diote, eta denborak erakutsi duela "izateko arrazoirik bazuela" martxan jarritako proiektuak.


Gaitasunak handitzeko ekarpena


Atzo, hilak 6, aurkeztu zuten sare sozialistako kideek 10 euro edo gehiago kanpaina. Izenak dioen bezala, hilean 10 euro edo gehiagoko "ekarpen finkoak" lortzea du helburu. Ekarpenon bidez gaitasunak handitu nahi dituzte bankuko kideek; izan ere, egun dituztenak neurtuta, 232 herritarri eskaintzen badiote zerbitzua, kanpainaren bidez, eskaera egin duten 503 pertsonaren oinarrizko elikagai eta produktuak bermatu nahi dituzte.


"Lan boluntarioa indartzea" eta "baliabideak bermatzea" ditu xede kanpaina berri honek. Orain arteko esfortzua nahikoa ez, eta beharrak hor jarraitzen duela ikusita, "lan lerro berriak ireki eta kapitalismoaren krudelkeria gogorren pairatzen dutenen aldeko dinamika berriak irekitzeko" ekarpena izango delakoan daude. Euren aldetik, "independentzia politiko osoz eta langileon elkartasuna erdigunean jarriz jarduteko konpromisoa" berretsi dute, eta esker ona adierazi diete orain artean ekarpena egin duten herritarrei, horretan jarraitzeko gonbita egitearekin batera.





EZ DAGO IRUZKINIK