AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/07/18 11:38

Komunitate politiko sozialistaren eraikuntzan pauso berri bat eman du Gazte Koordinadora Sozialistak asteburu honetan. Topaketa Sozialistak izan dira Araban eta Gipuzkoan, ostiraletik larunbatera bitartean. Ostiralean Tolosan (Gipuzkoa) nahiz Oreretan (Gipuzkoa) bildu ziren gipuzkoarrak, eta Gasteizen (Araba) arabarrak. Atzo, aldiz, Tolosan eta Legution (Araba) elkartu ziren ehunka gazte.

Ostiral arratsaldean zenbait espazio egokitzeko lanak egin zituzten; hain zuzen, Gasteizko Zentro Sozialista berria eta Tolosako Ezpala gaztetxea. GKSko kideen esanetan, garrantzitsua da herri bakoitzean espazioak egokitzea, gazte langile antolatuek lan politikoa egin ahal izateko. Bestalde, Gipuzkoan hainbat ekoizpen lan (propaganda politikorako materiala) eta ezagutza tekniko zehatzak lantzeko saioak (zibersegurtasun tailerra, Photoshop programa erabiltzeko tailerra nahiz autodefentsa tailerra) ere egin zituzten ostiralean.

Gauean bertso-afariak izan ziren Oreretan nahiz Tolosan. Urko Arregi eta Emaitz Murua bertsolariak aritu ziren Oreretan, eta Tolosan, berriz, Aitor Bizkarra eta Eñaut Martikorena.

Larunbata, formakuntza politikorako eta elkarrekin egoteko

Larunbatean, ordea, goizetik elkartu ziren Tolosan gipuzkoarrak, eta eguerdirako bertaratu ziren Legutiora arabarrak. Legution formakuntza politikorako saio bat izan zen frontoian, "gazte esparruko erronka estrategikoen" inguruan hausnartzeko. Gero, elkarrekin bazkaldu ostean, Oihane Perea, Martin Abarrategi eta Unai Anda bertsolariek girotutako ibilbide bat egin zuten herriko kaleetan barrena. Gauean ere izan zen zer partekatua: Legutioko frontoian kontzertua eskaini zuten Bake Faltsua eta Dumb Boys taldeek.

Tolosan, aldiz, mendi irteera bat egin zuten goizean goizetik. Gero mendian izan ziren ekitaldi politikoa, bazkaria eta Katarsia taldearen kontzertua.

Datozen asteburuetan ere Topaketa Sozialistak

Bizkaian, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere izango dira Topaketa Sozialistak datozen asteburuetan. Hurrengo larunbaterako, uztailaren 24rako, Larrabetzun (Bizkaia) eta Otsagabian (Nafarroa) jarri ditu hitzorduak GKSk, eta uztailaren 31rako, berriz, Itsasun (Lapurdi).

EZ DAGO IRUZKINIK